Atzo arratsaldean, bazkide eta lagunez inguratuta, festa giroan ireki zituen ateak Goiener kooperatibaren Debagoieneko bulegoak. Inaugurazio-ekitaldira gerturatu ziren herritarrek, arretarako gune berria bertatik bertara ikusteaz gain, eguneroko lanean arituko diren Goienerreko langileak ezagutu, kooperatibaren 10 urteko ibilbidea ospatu eta mokadu goxo batekin gozatzeko aukera izan zuten.
Atzoko irekierarekin borobildu da kooperatibak inaugurazioaren bueltan antolatutako aste berezia; otsailean zehar, herritar askok parte hartu du Goienerrek energia berriztagarriei, fakturei edo pobrezia energetikoari buruz antolatutako hitzaldietan.


Gaurtik aurrera, Goienerreko bazkideen eta eskualdeko herritarren zerbitzura egongo da bulego berria. Zerkaosteta kaleko 15. zenbakian kokatua dago, eta arreta zerbitzua behar duen edonork bisitatu dezake, aurrez ordua eskatuta.
«Transparentzia eta gertutasuna»
Inaugurazioa baliatu zuten beren buruak aurkezteko Arrasateko bulego berrian jardungo duten Goienerreko langileek. Adierazi zutenez, irrikaz zegoen kooperatiba Debagoienean erreferentzia puntu izan eta zerbitzu osoa eskaintzeko, eta bulego berriaren helburua «bazkide eta herritarrei transparentzia eta gertutasunean oinarritutako arreta eskaintzea» izango dela azpimarratu zuten. Gainerako 5 bulegoetan bezala, fakturen optimizazioa, kontsumo arduratsua, pobrezia energetikoaren aholkularitza eta bestelako zalantzak argitzeko modua eskainiko da Arrasaten ere.
Aurrera begira, energiaren sorkuntzan jarri nahi ditu indarrak Goienerrek, eta horretarako hausnarketa sakonean murgilduta dago kooperatiba; ahaztu gabe, ordea, zer garrantzia duen boluntarioen sarea indartzeak, trantsizio energetiko justua sustatzeak eta pobrezia energetikoan oinarritutako ekintzak bultzatzeak.
Goienerrek eskerrak eman nahi dizkie aste osoko ekitaldietan parte hartu dutenei, eta gonbidapena luzatu Debagoieneko herritar guztiei bulego berria bisitatzera etortzeko.