Azken lanak amaituta, otsailaren 22an ateak zabaltzeko prest egongo da Goienerren Debagoieneko bulegoa. Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak adierazi du «pauso garrantzitsua» dela eta aste berezia antolatu du inaugurazio-ekitaldiaren bueltan.
Debagoienan bulegoa irekitzea ospakizunerako motibo bikoitza izango da Goienerrentzat, izan ere, aurten, kooperatiba sortu zeneko 10. urteurrena ospatzen ari baita. Goienerrek bazkideen arretarako Arrasaten zabalduko duen gune berria Zerkaosteta kaleko 15. zenbakian kokatua dago, Kontzezino kalearekin ixkin eginez, zehatzago esanda.
Bulegoa elkargune
Bertan lanean jardungo duten langileek adierazi dutenez, bulegoaren helburu nagusia «Debagoieneko bazkide eta herritarrei erreferentziazko arreta zerbitzua gerturatzea» izango da. «Gainontzeko bulegoetan egiten dugun moduan, transparentzia eta gertutasunean oinarritutako arreta eskaini nahi dugu: fakturen optimizazioa, kontsumo arduratsua, pobrezia energetikoaren aholkularitza eta bestelako zalantzak argitzeko».
Bulegoa lantaldearen elkargune izango da, baina, horretaz gain, helburu hirukoitza izango duela adierazi dute: «Debagoieneko boluntarioen sarea indartzea, trantsizio energetiko justua eta pobrezia energetikoan oinarritutako ekintzak bultzatzea».
Hitzaldi sorta
Arrasateko bulegoa ireki aurretik, Goienerrek aste berezia antolatu du, energia eta merkatu elektrikoan oinarritutako formakuntza eta hitzaldiz betea. Besteak beste, energia berriztagarrien komunitateei, pobrezia energetikoari eta fakturan dirua aurrezteko moduei buruzko solasaldiak izango dira, eskualdeko zenbait eragile eta mugimendu sozialekin elkarlanean.
Goienerreko langileek uste dute «antolatutako hitzaldietara gerturatzea elkar ezagutzeko aukera aproposa dela», eta horiei esker, «gerturatzen direnek Goienerren izaeraz gain, eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzeko aukera» izango dutela.
Inaugurazioa otsailaren 22an
Arratsaldeko 18:00etan egingo da Arrasateko bulego berriaren inaugurazio-ekitaldi ofiziala. Goienerrek bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi die eskualdeko bazkideei eta berriztagarrietan zein kooperatibagintzan interesa duten herritarrei guztiei. Irekiera-festan, Goienerren bulegoko langileak ezagutzeko aukeraz gain, gertuko baserrietako janariaz eta bertako edariez gozatzeko aukera ere eskainiko da.
Ekitaldiak:
— Hitzaldia: Argindar faktura tailerra.
Antolatzailea: EKIN (emakume taldea).
Eguna: 2023/02/08 – 18:30.
Lekua: Kulturateko Areto Nagusia. Arrasate.
— Hitzaldia: Pobrezia energetikoa.
Antolatzailea: Jauzi Ekosoziala.
Eguna: 2023/02/14 – 18:30.
Lekua: Ibarraundi museoa. Eskoriatza.
— Hitzaldia: Autokontsumoa eta Energia Komunitateak.
Eguna: 2023/02/15 – 18:30.
Lekua: Ereindajan. Arrasate.
— Ekitaldia: Goiener bulegoaren inaugurazioa.
Eguna: 2023/02/22 – 18:00.
Lekua: Bulegoa. Zerkaosteta kalea 15, Arrasate.
Etortzeko asmoa baduzu bete galdetegia.