Eguzki-plaka bidezko autokontsumoaren mugetako bat izan ohi da ezinezkoa dela ekoitzitako energia guzti horri etekina ateratzea eta merkaturatzaile elektrikoek soberakinaren zati bat baino ez dutela konpentsatzen.
Horregatik, Goienerren hilabeteak daramatzagu arazo horri irtenbidea aurkitzeko diru-zorro bat garatzeko lanean, beti ere, berriztagarriak, kontzientzia ekologikoa eta burujabetza energetikoa sustatzeko helburuz. Diru-zorroari esker, autokontsumoko hornidura-puntuei dagozkien fakturetan metatuko litzateke konpentsatu gabeko soberakinen zenbatekoa. Bestela esanda, Diru-zorroan metatutako diru-kopurua bazkideen hurrengo fakturetatik deskontatuko da, zenbait kasutan, ia debaldekoa izateraino.
Diru-zorroa: noiz eta zeinentzat?
Zerbitzu berri hau, banakako edo partekatutako autokontsumoko instalazioak dituztenei zuzendua egongo da, eta Goienerren asmoa da autokontsumoen fakturetan deskontuak aplikatzen hastea 2023ko bigarren hiruhilekotik aurrera. Diru-zorroan metatuko den zenbatekoa izango da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera konpentsatu gabeko fakturetako soberakinei dagokiena, beti ere, ordutik hona kontratua Goienerren egon bada.
Diru-zorroan pilatutako diru-kopurua, autokontsumoari lotuta dagoen kontratuaren faktura murrizteko erabiliko da, nahiz eta kontratu bat baino gehiago dituen titularrak aukeratu ahal izango duen deskontua zein kontratutan aplikatzea nahi duen. Halaber, hilabeteren batean Diru-zorroan dagoen dirua deskontatzen ez bada, bere horretan mantenduko da, hurrengo hilabeteetan erabili ahal izateko. Esate baterako, udan konpentsatu gabeko soberakin asko dituen bazkideak, aukera izango du hurrengo hilabeteetako fakturetan erabiltzeko.
Azken boladan, Goienerreko bazkideek interes handia erakutsi dute kooperatibak zerbitzu hau eskaini dezan, eta, oraindik tresna erabat garatuta ez dagoen arren, jakinarazi nahi dugu buru-belarri ari garela lanean laster prest egon dadin. GOIENER TALDEAn urteak daramatzagu %100an berriztagarria den energia eskaintzen, eta pauso berri horrekin, burujabetasun energetikoaren bidean urrats berriak emango ditugu.
2023/04/19ko eguneraketa
Autokontsumoaren konpentsatu gabeko soberakinen Diru-zorroaren informazioa.