Udaberriko hostoak nola, hala datoz kooperatibaren inguruko berri freskoak ere: indarrez eta kolorez beteak. Ondorengo lerrootan laburbildu dizugu azken hilabeteak eman duena.
Indarrez diogu, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Goienerrek ere bat egin zuelako tokian tokiko kontzentrazio, manifestazio eta ekintza ezberdinekin, Denon bizitzak erdigunean jartzeko aldarrikatuz. Kooperatiba barrura begira ere, eguneroko lanean jarraitzen dugu berdintasuna lortzeko.
Gogor dihardugu lanean, baita argindar-merkatuaren ezegongortasunari aurre egiteko ere, zuri, bazkide, baldintza eta aukerarik onenak eskaintzeko helburuz. Horregatik, pozarren jakinarazi nahi dizugu apiriletik aurrera argindarraren prezioak jaitsiko ditugula Goienerren hiruhileko tarifetan. Kontsultatu itzazu tarifa berriak esteka honetan.
Guretzat, bidezko prezioak eskaintzea bezain garrantzitsua da informazio gardena ematea, bazkideak ahalduntzea eta gure proiektua zabaltzea. Helburu horrekin ireki berri ditu ateak Goienerren Arrasateko bulegoak.
Ederra izan zen herritar eta bazkideen ondoan ospatu genuen irekiera-ekitaldia. Zatoz, eta egin iezaguzu zuk ere bisita!
Goienerren, etenik gabe lanean dihardugu han eta hemen Energia berriztagarrien komunitateak sortzen eta bidelaguntza ematen. Gure laguntzarekin antolatu eta pauso sendoak ematen hasi dira herritarrak Elgetan, Beran, Zestoan, Uharten, Errenterian…
Dakizunez, kooperatiba murgilduta dago sorkuntza-proiektuen inguruko hausnarketa-prozesu sakonean, Goienerren zer energia (eta nola) sortu nahi dugun erabakitzeko. Euskal Herriko beste eragile batzuekin batera, gaiaren inguruko gure ikuspegia azaltzeko aukera izan genuen Argia aldizkariaren gehigarri berezi honetan: Energia berriztagarriak bai, baina nola?
Sorkuntza aipatuta, gogoan izan Beran (Nafarroa, Bortziriak) egingo dela Nafarkoopen 2023ko Ohiko Batzar Orokorra. Martxoaren 25ean izango da hitzordua, Berako Kultur etxean.
Energia garbia sortzea bezain garrantzitsua da, ordea, kontsumo arduratsua sustatzea. Horregatik gomendatzen dizugu, alde batetik, energia gutxiago kontsumitzeko aholku hauek entzutea, pasa den astean Energia Efizientziaren Mundu Egunaren baitan emanak. Baita eraikinen eraginkortasun energetikoa lantzea helburu duen SmartLivingEPC proiektua azaltzeko elkarrizketa hau ere. Bi-biak, Goienerren europar proiektuen baitan kokatuak.
Gai horri lotuta, aipatu nahi ditugu zenbait herri edo eskualdetan martxan dauden edota martxan jarri berri diren Energia Bulegoak ere; horietako batzuek Goienerren bidez Powerpoor proiektuaren laguntza jaso baitute: Lizarraldekoa (Nafarroan), eta Hernanikoa, Oarsoaldekoa, Bergarakoa eta Tolosaldekoa (Gipuzkoan). Herritarrak gardentasunez informatu eta ahalduntzeaz gain, zenbait kasutan herritarren fakturen zenbatekoa % 25 murriztea lortu dute, besteak beste.
Martxoak beste albiste pozgarri bat ere ekarri digu: Goiener sareak gainditu du 400 sarekideko langa! Hazten jarraitzen du energia berriztagarri eta kooperatiboen gure sareak; eta guretzako beste arrazoi bat gehiago da bazkideei ikusgarritasuna eta babesa ematen jarraitzeko.
Markak marka, ospakizunek lanean harrapatuko gaituzte: apirila ere betea datorkigu hitzaldiz eta tailerrez. Kontsultatu gure egutegia, eta egizu bat zure inguruko ekimenekin!
Apirilean itzuliko da GoienerBerri.
Bitartean, zaindu.