CHESTER proiektuak, bost urteko ikerketa zientifikoaren ondoren, frogatu du etorkizunerako energia berriztagarrien kudeaketarako sistema adimendun eta malgu baten balio teoriko eta esperimentala.
Azken bost urteotan, energia kudeatzeko sistema berritzaile bat garatu du CHESTER partzuergoak ―energia termiko konprimitua biltegiratzea― , edo, bestela esanda, CHEST ingelesezko sigletan, Carnot bateria-motarengatik. Sistema horrek hiru teknologia ezberdinen konbinazioa du oinarri: tenperatura altuko bero-ponpa, tenperatura altuko energia termikoaren biltegiratzea eta Rankine organikoaren zikloa.
Laburbilduz, erabili gabeko argindarra sobera geratzen denean, bero-ponpak bero bihurtzen du, eta energia termikoa metatzeko sistema batean biltegiratzen da elektrizitatea behar den arte. Behar denean, bero hori berriro elektrizitate bihurtzen da Rankine organikoaren zikloaren bidez. Energia kudeatzeko sistema adimenduna denez ―hainbat iturri elektriko eta termiko eraginkortasunez kudeatzeko gai―, CHEST sistema oso eraginkorra da, energia elektrikoa metatzeko sistema bat baino zerbait gehiago izan baitaiteke.
Sistema eraginkorra da argindar-iturri berriztagarrientzat, hala nola eoliko eta eguzki-energiarentzat, bai eta tenperatura baxuko hondar-bero eta eguzki-energia termikoarentzat ere. Gainera ―argindarraz gain― gaur egun 125 gradurainoko beroa eman dezake, esate baterako, industria-inguruneetarako edo hiri-berokuntzako sareetarako. Ezaugarri horiei guztiei esker da CHEST sistema industria-inguruneetarako etorkizun handiko teknologia; izan ere, soberan geratutako energia-iturriak ―argindar zein beroa― eskariaren arabera erabil daitezke gero, elektrizitate edo bero modura. CHESTER proiektuaren baitan, partzuergoak CHEST laborategiko prototipo bat garatu eta probatu du, bere klaseko lehena.
Hiru osagaien lehenengo probek erakutsi zuten bete zirela diseinu-helburuak eta prototipoak erabat funtzionalak direla. CHEST laborategiaren prototipo osoa martxan jartzeak, egindako probek eta azterketek frogatu dute kontzeptu horren bideragarritasuna eta potentziala. Bero-ponparako argindar-sarrera 10 kWel ingurukoa izan zen, eta Rankine organikoaren zikloak 9 kWel sortu zituen. Biltegiratze latente eta sentikorraren sistema konbinatuari esker, malgutasunez egokitu zen parametro operatibo aldakorretara. Horrela lortu ziren osagaiak eta sistema osoa garatzeko etorkizuneko hobekuntzei eta aukerei buruzko ezagutzak.
Arrakastaz abiarazi eta probatu da prototipo berritzaile hau, bere klaseko lehen CHEST sistemaren funtzionamendu egonkorra erakutsiz.
Maider Epelde CHESTER proiektuaren koordinatzaileak azpimarratu duenez, “gaur egun funtsezkoak dira CHESTERen emaitzak Europaren etorkizunerako energia berriztagarriak kudeatzeko sistema adimentsu eta malguak lortzeko“. Hala ere, oraindik ikerketa eta berrikuntza gehiago behar dira teknologia eskala errealean aplikatzeko.
Informazio gehiago, esteka honetan.