Duela hilabete batzuk aurreratu genizuen moduan, lanean aritu gara diru-zorro bat garatzen, eta aurreko aste honetan aplikatu dira fakturetan lehen deskontuak.
Diru-zorro honi esker, autokontsumoko hornidura-puntuei dagozkien fakturetan metatu ahal izango da konpentsatu gabeko soberakinen zenbatekoa. Hala, autokontsumoko instalazioak dituzten ―eta ekoizten duten energia guztia kontsumitzen ez duten― bazkideek energia horri dagokion zenbatekoa metatu dezakete Diru-zorroan; eta, hurrengo hilabeteetan, euren fakturetan deskontua egin.
Gainera, hilabeteren batean Diru-zorroan dagoen diru guztia deskontatzen ez bada, bere horretan mantenduko da, hurrengo hilabeteetan erabili ahal izateko. Esate baterako, udan konpentsatu gabeko soberakin asko dituenak, aukera izango du hurrengo hilabeteetako fakturetan erabiltzeko.
Bazkideek interes handia erakutsi dute Goienerrek Diru-zorroaren zerbitzua eskaini dezan; izan ere, autokontsumo instalazioak errentagarriagoak bilakatzen ditu, horiek sortutako energia erabat aprobetxatuz.
Diru-zorroaren funtzionamenduari eta eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio zehatzagoa web orri honetan topatuko duzu.