Ezer baino lehen, maiatzeko Goienerberria baliatu nahi dugu bazkide beteranoenei eskerrak eman, eta iritsi berri direnei ongi etorri esateko; izan ere, dagoeneko 17.000 bazkide gara kooperatiban! Zuek harro egoten saiatzea denez gure eskerrak emateko modua, hemen duzue azken hilabeteetako lanaren laburpena:
Ikasturte amaiera ate-joka daukagu, eta eskatu nahi dizuegu data garrantzitsu bat gordetzeko zuen agendetan: ekainaren 10a; egun horretan egingo baitugu Goienerren 2023ko Ohiko Batzar Orokorra. Aurtengoa Durangon (Bizkaia) izango da ―Landako Elkartegian―, eta gonbidatu nahi zaitugu parte-hartu eta iritzia ematera. Zu zara kooperatiba!
Ezin dugu aipatu gabe utzi aurten Batzarrean Zaintza Batzordea berritzea tokatzen dela eta hautagaiak aurkezteko galdetegia prest dugula animatzen zareten guztientzako.
Halaber, gogoratzea komeni da iragan martxoan egin genuela Nafarkoopen 2023ko Ohiko Batzar Orokorra ere. Bazkideek puntu guztiak onartu zituzten, pasatako ekitaldiaren balantzea egin, eta aurrera begirako proposamenak entzun ostean.
Badakizue jakin, Goienerren buru-belarri dihardugula sorkuntza proiektuak sustatzen, eta horren adibide da abian jarri berri dugun Diru-zorroa. Sistema berri honek, errentagarriagoak bilakatzen ditu autokontsumo-instalazioak; izan ere, aukera ematen du konpentsatu gabeko soberakinei dagokien zenbatekoa metatzeko.
Web orri honetan topatuko duzu Diru-zorroaren funtzionamenduari eta eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio zehatzagoa.
Goienerren beste helburu nagusietako bat da gure kontsumoak murriztu eta efizientzia energetikoa sustatzea. Gasteizko udalarekin abian jarri dugun lankidetza berriari esker, maiatza eta ekainean zehar taldekako saioak eskainiko ditugu, eta baita fakturak murrizteko aurrez-aurreko aholkularitza pertsonalizatua ere.
Ez da Goienerrek sustatu duen aholkularitza-zerbitzu bakarra. Hain justu ere, balantze bikaina egin berri du Hernaniko Energia-Bulegoak: 4 hilabeteko ibilian, 450 herritar baino gehiagoren zalantzak argitu dituzte, eta nabarmen murriztu herritarren gas zein argindar fakturak. Merezi du ikustea eskaini diegun erreportajea!
Martxa bizian doaz gure Europako proiektuak ere. Azken hilabeteotan Bruselan, Hego Tirolen, Grezian, Valladoliden… izan da Goiener, Europako kide ezberdinei azaltzen gure proiektuetan egin ditugun aurrerapenak.
Bidaia artean, egokitu zaigu anfitrioi-lanak egitea ere: Leitzan ongietorria eman genion energia eraginkortasun ziurtagirien inguruan lanean diharduen SmartLivingEPC-ko europar partzuergoari. Hitzordua baliatu genuen Goienerrek bertan abian dituen 9 kasu pilotuen gaineko ikerketa-lanen berri emateko.
Amaitu aurretik, ohar bana: bulegoak lekuz aldatu ditugu Bilbon eta Donostian. Gipuzkoako hiriburukoa zabalik dago maiatza hasieraz geroztik, Santesteban Musikaria 5 kalean (ARCCO aldamenean). Bilbokoa, aldiz, heldu den maiatzaren 15ean irekiko dugu, Santimami zumarkalea 26. zenbakian.
Besterik ez; hutsik egin gabe, ekainean itzuliko da GoienerBerri.
Bitartean, zaindu.