Energia berriztagarrietarako kapital faltan? Guk erakutsiko dizugu nola eskuratu energia komunitarioa eraikitzeko behar den finantziazioa.
ACCE Europar Batasunak finantzatutako proiektu bat da, eta bertan parte hartzen dute energia komunitarioan diharduten zortzi herrialdetako zortzi eragilek eta lankidetza-bazkide batek. Helburu du Energia Komunitarioaren Kapitalerako Sarbidea (ACCE, ingelesez) hobetzea, Energia Komunitarioa Finantzatzeko Eskemak (CEFS, ingelesez) deiturikoak garatuz.
Goiener da Frantziako, Herbehereetako eta Erresuma Batuko CEFSen esperientzietatik ikasiko duten bost energia-kooperatibetako bat. Aztertuko dugu CEFS horiek gure herrian nola txertatu daitezkeen, eta identifikatuko ditugu lurralde-beharrei erantzuteko egin beharreko egokitzapenak; hori guztia, ditugun aukerak baliatuz: alegia, eskualde- eta nazio-politikak oinarri dituzten laguntza-programak.
Maiatzaren amaieran, aurrez aurreko bigarren bilera egin genuen Atenasen. ACCEko bazkideak bi egunez bildu ginen proiektuaren aurrerapenak eztabaidatzeko eta hurrengo urratsak diseinatzeko.
Martxoaren amaieran argitaratutako ikerketa txostenaren emaitzak berrikusi genituen; lan horretan, Europako CEFSen datu-basea aurkitzen da, agerian uzten duena ez dagoela energia-proiektuetarako finantziazio-planik, ez eta horretarako baldintza egokirik ere Europa mailan. Horrek, ACCE bezalako proiektuen garrantzia berresten du.
Horretaz gain, CEFSen abantailak eta arazoak ere aztertu genituen, eta ibilbide-orria finkatu genuen finantzazio-tresna berriak sortu eta lehendik zeudenak hobetzeko. Hori guztia posible izan dadin, ACCEk zenbait baliabide eta gida diseinatu, garatu eta argitaratuko ditu bere web orrian, interesa duen edozein pertsona edo erakunderi bere eskualdean CEFS bat ezartzeko behar den informazio gehigarria eta laguntza eskaintzeko helburuarekin.
Laburbilduz, egun emankorrak eta inspiratzaileak izan ziren Atenasen pasatakoak. Han pilatu zen indarra herrialde kide guztietan CEFS garatzera bideratuko da. ACCEk ere ikusgarritasuna irabaztea du helburu: horretarako, EBko Eskualdeen Astean parte hartuko dugu urrian, eta laster argitaratuko dugu proiektuari buruzko informazio-liburuxka.
Proiektuari buruzko informazio zehatzagoa kontsulta dezakezue Goienerren web orrian; edo, bestela, mezu bat bidal dezakezue helbide elektroniko honetara zuen zalantzak argitzeko.