Opor giroa lagun, energia onez beteta iritsi da uztaila, eta gu, ikasturte amaieran ohikoa den legez, egindako lana laburbildu-asmoz gatozkizu:
Badakizu jakin, egungo egoerak ez duela zerikusirik iazkoarekin. Merkatu elektrikoak ezegonkor jarraitzen duen arren, kooperatiba sendo dago; horregatik ―eta zuri baldintza zein aukera onenak eskaintzeko―, uztailean argindarraren prezioak jaitsi ditugu hiruhileko tarifetan. Kontsultatu itzazu hemen prezio berriak.
Testuinguru gozoago honetan, berezia izan da aurtengo Batzar Orokorra, Durangoko Elkartegian egin duguna. Alde batetik, Goienerren 10. urteurrena ospatu dugulako; bestetik, bazkideek onartu dituztelako proposatutako puntu guztiak.
Balantzea eginda, datuek ere eman dizkigute indartsu eta baikor egoteko zioak: 1.400 bazkide gehiagorekin itxi dugu 2022 ekitaldia (guztira 17.000 baino gehiago gara kooperatiban); 20 energia-komunitate sortzeko laguntza eman dugu; eta Goienerren 6. bulegoa zabaldu dugu Arrasaten (Debagoiena).
Badugu pozik egoteko motibo gehiago: jakin berri dugu Eusko Legebiltzarrak onartu duela autokontsumo energetikoa sustatzeko lege berria. Goienerrek sustatu duen lege berri horri esker, ez da obra lizentziarik beharko eraikinetan eguzki plakak edo auto elektrikoentzako karga-puntuak jartzeko.
Urtero legez, ohorea izan da aurten ere Bioterra azokan parte hartu eta bazkide direnekin (eta ez direnekin) parez pare elkartzea; baita lanean dihardugun proiektuei buruzko hitzaldiak ematea ere.
Izan ere, buru-belarri gabiltza lanean Europar Proiektuekin. Esate baterako, zinez aberasgarria izan da duela gutxi jaso dugun BeCoop H2020 proiektuko lankideen bisita, abian ditugun lanak bertatik bertara ikusteko asmoz egina.
Egokitu zaigu etxetik mundurako bidea egitea ere: duela gutxi, Atenasen (Grezian) elkartu ginen ACCE proiektuko kideekin batera, eta Energia-komunitateentzat finantzaketa-aukerak ikertzen aritu ginen aipatu jardunaldietan. Lanari jarraipena emateko, EBko Eskualdeen Astean parte hartuko dugu urrian, eta laster argitaratuko dugu proiektuari buruzko informazio-liburuxka.
Energia komunitateak aipatuta, pozarren aurreratu genezake eskuragarri dagoela Goienerrek garatutako energia-komunitate berriztagarriak sortzeko ingelesezko gida, REScoopen laguntzarekin argitaratua.
Amaitu aurretik, aurtengo udarako planik borobilena aurkeztu nahi dizuegu: Udanbizi, 5 eguneko txirrindulari bira. Uztailaren 17tik 21era, Nafarroan barrena, estutuko ditugu bazkideon arteko harremanak eta bisitatuko ditugu egungo eredu energetikoa iraultzeko proiektu interesgarriak. Esperientzia ahaztezin honetan, ez da faltako hitzaldi, solasaldi, eztabaida edo festarako aitzakiarik.
Badakizue kooperatiban bokazioa dugula informazio gardena eman eta herritar zein bazkideengandik gertuago egoteko; horregatik, berriki Leitzan izan da Goienerren bulego ibiltaria, energiaren inguruko zalantzak argitzeko zerbitzua eskainiz. Bestalde, maiatzaz geroztik, irekita daude Bilboko bulegoko ateak, kokapen berrian.
Horretaz gain, gogoan izan udan arreta ordutegi berezia eskainiko dugula uztailean eta abuztuan zehar.
Udako ordutegia:
Arreta presentziala: 9:00-14:00
Arreta telefonikoa:
— Uztaila: 9:00-14:00 / 15:00-17:00
— Abuztua: 9:00-14:00
Gure aldetik besterik ez; datorren ikasturtean itzuliko da GoienerBerri, albiste freskoz beteta.
Uda ona pasa!