Gauza jakina da, hainbat faktoreren eraginez, asko garestitu dela gasaren prezioa 2022. urteaz geroztik. Eragina arintzeko, Espainiako Gobernuak Gasaren Prezioa Doitzeko Mekanismoa ezarri zuen, eta horrek etxeetan kontsumitutako energia elektrikoa tarifatzeko modua aldatu du.
Mekanismo horren eragin kualitatiboa aztertzeko, Goienerrek galdeketa bat bidali zien bere 17.000 bazkideei 2023ko urtarrilean, WHY proiektu europarreko kideekin elkarlanean (orotoara, ia 700 bazkideren erantzunak jaso dira). Emaitzek erakutsi dute Mekanismoaren inguruan fede eta jakintza gutxi izan arren, bazkide gehienak ingurumenaz arduratuta daudela eta aldatu dituztela ohiturak kontsumoak tarifa berrietara doitzeko.
Galdetegiaren ondorioak
Galdetegiak emaitza argigarriak utzi ditu, zinez. Oro har, bazkideek ez dute ezagutza handirik Gasa Doitzeko Mekanismoaren inguruan. %46k adierazi du ezagutza-maila baxua duela; %40k uste du ez dela neurri egokia; eta %30ek, berriz, kontrakoa iritzi dio. Hala ere, %93k neurriak hartu ditu kontsumoa ordu baxuenetara egokitzeko. %40k 2.0 TD prezioei buruzko informazioa emateko Goienerren kanala lagungarria izan dela dio; begiratu dutela eta jarraitzen saiatu direla.
Galdetegiak utzi ditu emaitza esanguratsu askoak: etxe gehienek banakako gas-galdara erabiltzen dute etxea berotzeko. Sistema elektrikoak aztertuta, %75ek sukalde elektrikoa dute, %19k UBSrako termo edo bero-ponpa, %6k bateriak, %3k aire girotua eta %2k ibilgailu elektrikoa.
Etorkizunean, zer?
Aurrera begira, bazkideen %79 eguzki-plaka fotovoltaikoetan inbertitzeko prest agertu da (aukera horren alde egiten dute gehienek), %30 auto elektrikoetan, %27 bero-ponpetan, eta %21 baterietan. Hori bai, etxebizitza gehienek ez dute energia-ziurtagiririk (%32) edo ez dakite halakorik duten (%29). Zalantzarik gabe, asko dago egiteko arlo honetan.
Energia komunitateei dagokienez, berriz, bazkideen %47k argi du energia komunitate bat zer den, eta gehienek komunitate horietakoren batean parte hartzeko borondatea erakutsi dute.
Informazio gehiago
WHY galdetegi berri honen emaitzak patxadaz eta xehetasun osoz irakurtzea gomendatzen dugu, eta horretarako, esteka honetan klik eginda aurkituko duzue informazio gehiago.