«Energia berriztagarriak aurrez inoiz ikusi gabeko begirada batetik erakustea». Helburu horrekin jarri da abian Artea, energia positiboz kargatua erakusketa Bilboko Metroan. Ekimen berezi honen atzean daude Nahiarte sormen artistikoko kideak eta Goiener argindar berriztagarrien kooperatiba, Miguel García Orive argazkilari entzutetsuarekin batera.
Guztira 14 artelan daude ikusgai Bilboko metroko geltokietan zintzilikatuta, horietako bakoitza urritasun psikikoa edo intelektuala duen Nahiarte taillerreko artista banak sortua.
«Energia berriztagarriak, beste begirada batetik»
Nahiarteko kideek energia berriztagarriak eta planetaren jasangarritasuna hartu dituzte ardatz lan berri hauek sortzeko. Ana Urgoiti Nahiarteko kideetako batek jakinarazi digu irudi bakoitzari QR kode bat jarri diotela aldamenean: «Horri esker, bisitariek aukera dute artista bakoitzaren ahotsa eta azalpenak entzuteko; baita ekimen berezi hau zergatik sortu den ulertzeko ere».
Jon Urturi Goiener Kooperatibako koordinatzailearen hitzetan, «ekimen berezi hau sortu da Nahiarte eta Goienerren arteko lankidetzatik; biak ala biak, REAS Euskadiko kideak baitira». Urturik argitu du elkarlanak helburu bikoitza duela: «alde batetik, herritar guztientzat bermatzea energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa; eta, bestetik, artista horien lanak jendearengana hurbiltzea, haien sormen-gaitasunei balioa emanez eta Bilboko erdigunean duten lokala ezagutu dezaten gonbidatuz».
Goiener «oso pozik» dago ekimen sozial honen emaitzarekin, euren hitzetan, «balioko duelako energia berriztagarriak beste era batera ikusteko». Sormen prozesua ere «gertukoa eta berriztagarria» izan da, artelanak egin aurretik, artistek inspirazio-iturri izan baitituzte Goienerrek energia berriztagarriei buruz emandako azalpenak.
Lanak ikusgai urritik abendura
Ez da lehen aldia Nahiarteko kideen lanak Bilboko Metroan erakusgai jartzen direna. 2021. urtean, Artista naiz izeneko erakusketa arrakastatsua antolatu zuten, desgaitasun psikikoa edo intelektuala duten artisten lana bistarazteko helburuz.
Bi urte geroago, Bilboko Metroko bidaiariak lan berri eta berriztagarriez gozatzeko moduan dira, Artea energia positiboz kargatua erakusketako artelanekin. Erakusketa ikusgai egongo da abendu amaierara arte.