Hemen dator urriko GoienerBerria, hutsik egin gabe; ondorengo lerrootan laburbilduko dizugu azken hilabeteak utzitakoa.
Negua eta giro hotza ate-joka ditugunez, zerbitzu berezia jarri dugu abian Gasteizen, Udalarekin elkarlanean: doako aholkularitza eskaintzen hasi gara, herritarrek argindar eta gas fakturetan aurreztu dezaten. Aholkularitza-bulego hauetan, Goienerreko kideok egongo gara, fakturak ulertzeko azalpenak emateaz gain, pobrezia energetikoko kasuak saihesteko.
Beste elkarlan berezi baten fruitu da Bilboko Metroan ireki dugun Artea, energia positiboz kargatua izeneko erakusketa. Bertan, energia berriztagarriak artelan bihurtu dituzte urritasun psikikoa edo intelektuala daukaten 14 artistek. Ezin gusturago gaude emaitzarekin!
Geltokiz-geltoki, urte amaiera arte egongo dira Bilboko Metroko artelanak ikusgai.
Geltokiak esanda, azken hilabetean ere egokitu zaigu munduan zehar bidaiatu eta gure lanen berri ematea. Esate baterako, etxebizitzen efizientzia energetikoaz arduratzen den SmartLivingEPC proiektuaren baitan, Estonian izan gara, Tallinn hiriburuko Institutu Teknologikoaren eraikin pilotua bisitatu eta partzuergoarekin biltzeko. BECoop proiektuko kideak, aldiz, Grezian izan dira, hango zenbait proiektu pilotu ezagutu eta kontsortzioarekin elkartzeko.
Era berean, guk ere jaso ditugu bisita zoragarri askoak; esate baterako, «zubiak eraiki asmoz», Kubako Gobernuko eta Habanako Unibertsitateko delegazioak egindakoa. Goienerren jarduna bertatik bertara ezagutu nahi izan dute eta bi herrietako berrikuntza-ekosistemak harremanetan jarri, beti ere, ekonomia sozialaren eta kooperatibagintzaren bidetik.
Gure jarduna kanpoan azaltzea bezain garrantzitsua da, ordea, barrura begirako lana. Horregatik, Goiener Elkarteko boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Zornotzan, gure bazkideen parte-hartzea nola erraztu hausnartzeko. Izan ere, dagoeneko 10 urte pasa dira Goiener sortu zenetik; egunez egun kooperatiba handitzen ari da; eta, eredu energetikoa modu demokratikoan eraldatzen jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa da bazkideen ahotsa entzun eta ekarpenak jasotzea.
Ezin esan gabe utzi, azken hilabetean, hitzorduz beterik izan dugula egutegia. Klimaren eta Energiaren Astea tarteko, herriz herri ibili gara hitzaldiak ematen; baita, besteak beste, Iruñean ospatu ziren EdiFIca jardunaldietan, edo EHUk antolatutako Udako Ikastaroetan ere. Datozen asteetako ekitaldi guztien berri izango duzu Goiener agendan.
Azaroan itzuliko da GoienerBerri.
Bitartean, zaindu.