Urtero bezala, abenduan aldaketa fiskal eta arautzaile berriak onartu dira sektore elektrikoan 2024rako.
Zein aldaketa onartu dira?
Hauek dira 2024ko otsailaren 15ean indarrean sartuko diren eta zure argindar fakturari zuzenean eragingo dioten erregulazio-aldaketak eta kontuan izateko beste zenbait ohar:
— Argindarra garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko ordainsariak [1]: Potentzia-terminoa (finkoa) pixka bat murriztu da, aldiz energia-terminoa (aldakorra) handitu egin da eta gehiegizko potentziaren terminoaren prezioak % 0,4 murrizten dira.
— Sistemako operadorearen ordainsaria [2]: % 9,6 igo da kontsumitutako energiaren egungo prezioarekiko.
— Kontsumitzaileek bonu soziala finantzatzea [3]: % 82,8 murriztu da hornikuntza-puntu bakoitzeko egungo kostuarekin alderatuta.
— Gasa doitzeko mekanismoa: aurrez definituta zegoen moduan, 2024an ezabaturik geratu da.
— Argindarraren gaineko zerga berezia [3]: % 2,5era igo da lehen hiruhilekoan, % 3,8ra bigarrenean, eta hirugarrenetik aurrera % 5,11ko zerga-tasara itzuliko da. 0,5 €/MWh-ko gutxieneko kostuak mantenduko dira industriarako, eta 1 €/MWh-koa gainerako erabileretarako.
— Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) [3]: 2025era arte, % 10era igoko da 10 kW-eko edo hortik beherako potentzientzako, azken hilabete naturaleko merkatu-prezioa 45 €/MWh baino handiagoa bada; bestela,% 21eko ohiko tasan.
Amaitzeko, beste aldaketa hauek onartu dira, epe labur edo ertainean argindarraren merkatuko prezioari eta/edo fakturari zeharka eragin diezaioketenak:
— Kontsumitzaileentzako bonu soziala [3]: Bonu sozialaren deskontuak eta hornidura-bermea 2024/06/30era arte luzatuko dira.
— Ekoizleek bonu soziala finantzatzea [3]: Gaur egungo balioarekiko % 82,8 jaitsi da (ekoizleek beren energiaren merkatuko salmenta-prezioan sartuko dute kostu hori).
— Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga [3]: % 3,5era igo da lehen hiruhilekoan, % 5,25era bigarren hiruhilekoan, eta, hirugarrenetik aurrera % 7ko zerga-tasara itzuliko da (ekoizleek beren energia merkatuan saltzeko prezioan sartuko dute kostu hori)
Nola eragingo dizu?
Kontsumitzaile tipo hauen fakturan (IEE eta BEZa, deskonturik gabeko tasan) aldaketa erregulatzaile horiek izango dutena erakutsiko dugu:
• 8,4 euro gutxiago urteko, 3,7 kW-eko potentzia kontratatua eta 1.700 kWh-ko urteko kontsumoa dituen etxebizitza batentzat.
• 1,22 euro gutxiago urteko, 10 kW-eko potentzia kontratatua eta urteko 7.500 kWh-ko kontsumoa dituen negozio edo establezimendu txiki batentzat.
• 19,6 euro gutxiago urteko, 15kW eta 22kW bitarteko potentzia kontratatua eta 22.000 kWh-ko urteko kontsumoa dituen enpresa txiki-ertain batentzat.
Ministerioak proposamen berriak dituenez, sistemaren karguei, kapazitatearen araberako ordainketei, merkatu-operadorearen ordainketari eta Energia Efizientziaren Funts Nazionalaren finantzaketari lotutako arau-aldaketa berriak espero dira datozen hilabeteetan.
Goiener tarifa kontratatua duzuen titularrek posta elektronikoz mezu bat jaso duzue duela gutxi. Mezu horretan, modu pertsonalizatuan kalkulaturik duzu nola eragingo dizuten araudi-aldaketa hauek.
Ohiko moduan, gure webgunean Goiener tarifen prezioak xehetasunez dituzu argitaratuta.
[1] Ebazpena, 2023ko abenduaren 21ekoa, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoak diren argindarraren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-ordainsarien balioak ezartzen dituena.
[2] Ebazpena, 2023ko abenduaren 15ekoa, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena, 2024rako sistema elektrikoaren operadorearen ordainsariaren zenbatekoa eta hura finantzatzeko eragileei jasanarazi beharreko prezioak ezartzen dituena.
[3] 8/2023 Errege Lege Dekretua, abenduaren 27koa, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituena.
Oharra: 2024ko otsailaren 15etik aurrera arau-aldaketa berriak sartu ziren indarrean.