Egutegi berria kakoan jarri orduko, bueltan gatoz albisterik garrantzitsuenen bildumarekin. Kooperatibak indartsu jarraitu du pasa den urtean ere, eta zuri esker, oinarri sendoak ditugu 2024.ari baikor ekiteko.

Urtea zenbakitan laburtzea nekeza den arren, datuek diote 2023an ere hazten jarraitu duela Goienerrek: kooperatiban ia 18.000 bazkidera iristear gaude, autokontsumoko soberakinak konpentsazeko Diru-zorroa estreinatu dugu, gure eskutik 23 Energia Komunitate eratu dira eta sorkuntza proiektuetan geroz eta energia gehiago sortzeko gai gara. Bada zerbait!
Gure kooperatiban hitzetatik ekintzetara daramagu euskararekiko konpromisoa, eta horren adierazle da duela gutxira arte ondoen gordeta izan dugun sekretua: Goiener Korrikaren babesle izango da aurten ere. 23. ekitaldiko petoan ohorezko lekua izango dugu, eta zu ere funtsezkoa zarenez energia alorra euskalduntzeko, martxoaren 16an gurekin batera korri egitera gonbidatu nahi zaitugu. Gorde eguna agendan!

Izan ditugu ospakizunetarako motibo gehiago ere, duela gutxi ireki baititu ateak Donostiako bulego berriak ere. Bazkide andana hurbildu zineten irekiera-festara, eta zoragarria izan zen gure bilgune berria izango dena zuen aldamenean estreinatzea.
Bestalde, urte hasierarekin batera, Espainiako Gobernuak energiaren arloari begira hartutako hainbat neurriren berri eman zuen. Besteak beste, argindarraren gaineko BEZ %10era igotzea erabaki zuen etxeko kontsumoetarako (igoera pixkanaka egingo den arren). 2024ko urtarriletik aurrerako arau- eta zerga-aldaketek nola eragingo dizuten jakin nahi baduzu, informazio-orri hau jarri dugu bazkideon eskura.
Ondo dakizunez, etenik gabe dihardugu energia berriztagarrien komunitateak sortzeko laguntza ematen, eta dagoeneko 23 EBK eratu dira Goienerren eskutik. Zerrendara batzen azkenak izan dira Berako Bixtubera, Araitz bailarako Ostots, Etxauriko Etxaurindarra eta Usurbilgo Sortalde kooperatibak. Ongi etorri!

Europar Proiektuek ere pauso sendoarekin hasi dute urtea. Esaterako, Goienerrek parte hartzen duen WHY proiektuak, argindar kontsumitzaileen ohituretan oinarritutako analisia argitaratu du NATURE aldizkarian. Zenbait proiektu amaitutzat eman ditugun arren (pobrezia energetikoa arintzea helburu duen Powerpoor edo bioenergia komunitarioa sustatzeko BEcoop), beste batzuk bideari ekin berri diote. Hori da energia-komunitateak finantzatzeko bideak garatzea helburu duen ACCE proiektuaren kasua. ACCE-n erronka nagusiak ezagutu nahi?
Horretaz gain, urte berriarekin batera, hara eta hona ibiliko gara hitzaldi, mahai-inguru eta azoketan, eta Goiener agendan aurkituko duzu informazio guztia.
Ez ahaztu orain Instagramen ere bagaudela. Jarraitu ezazu zuk ere Goienerren kontua!
Gure aldetik besterik ez. Osasunez ekin urte berriari, eta datorren hilabetera arte.
Zaindu.