Goiener Taldeko hainbat bazkidek berriki jakinarazi diguten iruzur baten berri eman nahi dizugu. Pertsona batzuek telefono-deiak jaso dituzte ustezko «beren eskualdeko gestoria elektrikotik», kontsumitzaileei iruzur egiten saiatuz. Iruzurgile horiek informazio faltsua ematen dute, eta taktika iruzurtiak erabiltzen dituzte gure bazkideak energia-hornitzailez aldatzeko.
Iruzurgileek, aitzakiak alegatzen dituzte: 2024ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen ustezko Errege Dekretu baten arabera, ziurtatzen dute bazkideak eskubidea duela bere argindar fakturan beherapena jasotzeko, argia moztu diezaioketela edo aldaketa egitea ezinbestekoa dela gaur egungo legedira egokitzeko. Gainera, informazio pertsonala eskatzen dute, kontu-zenbakia adibidez, eta aurrerantzean fakturak beste merkaturatzaile batetik jasoko direla ere adierazten dute.
Azpimarratu nahi dugu Goiener Taldeak ez duela horrelako deirik egiten. Inoiz ez dizugu informazio pertsonalik eskatuko telefonoz, zuk eskatutako kudeaketa bat egiteko ez bada. Eta ez dizugu gure hautu propioz energia-hornitzailean aldaketak egiteko aholkurik proposatuko.
Iruzurretatik babesteko, gomendatzen dizugu informazio pertsonalik ez ematea, are gutxiago modu honetan zurekin harremanetan jartzen diren pertsonei. Egiaztatu ezazu deitzen dizunaren nortasuna. Zalantzarik izanez gero, zuzenean jar zaitez gurekin harremanetan, gure arreta kanal ofizialen bidez.
Bestalde, testu-mezuren bat jaso baduzu, merkaturatzailez aldatzeko esteka batekin, esteka horretan ez ezazu klik egin, baldin eta aurrez ez baduzu propio aldaketa bat eskatu. Zure informazioaren segurtasuna eta pribatutasuna oso garrantzitsuak dira guretzat. Aktiboki ari gara lanean kasuari aurre egiteko eta zuek babesteko beharrezko diren neurriak hartuko ditugu. Galderarik edo kezkarik baduzu, jarri harremanetan gurekin.
Zure konfiantza eta laguntza eskertzen ditugu.