Azken urteetan kooperatiban izandako langile-bazkideen gorakada medio, Donostian gertatu bezala, Bilboko bi bulegoak ere txiki geratu zitzaizkigun, lanerako deseroso eta langileak sakabanaturik. Zerbitzu hobea emate aldera, lokal bakarrean langile guztiak biltzeko hautua hobetsi dugu hemen ere. Ia urtebete Santimami zumarkaleko 26.eko bulego berrian lanean aritu ondoren, pasa den ostiralean (otsailak 23), azkenean behar den gisan, bulego berria inauguratzeko festa ospatu genuen.
Festa giro ederrean
Goizean goizetik bulegoan nabari zen egun berezia zela, beste lurraldeetako langileen presentzia, arratsalderako prestaketa lanak, Boga-ko lagunen garagardo-kañeroa, Goiener Elkarteko boluntarioekin ospatutako bazkaria… Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasi zen, bazkide eta boluntarioak iritsi ahala bi solairuko bulegoaren txokoak ezagutzeko aukera izan zuten.
Jokin Castaños Gonzalez Goienerreko langile-bazkideak bertsoekin eman zion hasiera ekitaldiari, ondoren Ander Olazabalaga Zuloagak Goienerren ibilbidearen laburpen bat egin zuen eta Amaitzeko Porrumentzio abeslari hernaniarraren kantu umoretsuek alaitu zuten festa.
Bazkide eta boluntarioen presentziaz gain, azpimarratzekoak izan ziren ere gurekin orpoz orpo lan egiten duten entitate zein ekonomia sozialeko lagunen bisitak: Pikara, Izarkom, AEK-Korrika, Itaka Eskolapios, Argi On, REAS… Hemendik eskerrak zuen bisitagatik.
Anderrek bere parte-hartzean gogorarazi zigun bezala, bulegoa bazkide eta boluntarioen etxea da eta ateak zabalik ditu gure sektoreko zalantzak argitu nahi dituen edonorentzat ere. Gustu baduzue bertan topatuko gaituzue:
Astelehenetik ostegunera: 9:00-13:00 eta 15:00-17:00.
Ostiraletan: 9:00-12:00.