Kaixo goienerkide,
Ikasturteari amaiera ona emateko, azken Goienerberria baliatuko dugu bazkide beteranoenei eskerrak eman, eta iritsi berri direnei ongi etorri esateko; izan ere, dagoeneko 18.000 bazkide gara kooperatiban!
Horrekin batera, eskerrak eman nahi dizkizuegu Lazkaoko Biziolan egin genuen Batzar Orokorrean parte hartu zuten bazkide guztiei ere, adostasun zabalez onartu baitziren proposatutako puntu guztiak.


2023. urtea aurrekoa baino 1.000 bazkide gehiagorekin amaitu genuen, eta ekitaldi hau emaitza positiboen eta egonkortasunaren urtea izan da Goienerrentzat. Zuen babesa bada aski sari, baina duela gutxi aitortza berezi bat ere jaso dugu: 2024ko Orexa Saria.

Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean eta, modu honetara, berriztagarrien eta energia-burujabetzaren alorrean egin dugun lana eskertu nahi izan digute. Eskerrik asko Orexa!
Goienerren badakigu zein garrantzitsua den aldamenean bidelagun onak izatea. Horregatik, hitzarmen berriak sinatu ditugu, bai Euskadiko eta Nafarroako REAS elkarteekin, baita Nafarroako Ikastolen Elkartearekin ere.


Izan ere, argi dugu energia berriztagarrien kontsumoa eta sorkuntza sustatzen jarraitu behar dugula, baina pertsonen beharrak erdigunean jarrita. Horregatik egon nahi dugu Amillubi Lurra Taupaka moduko proiektuen aldamenean, sinesten baitugu bata bestearen osagarri direla elikadura eta energia burujabetza.

Babes ekonomikoa eman asmoz, diru-bilketa berezia egin dugu etxe barruan. Kooperatiba mailako ekarpen ekonomiko zuzena egiteaz gain, bertako bazkide-langile eta boluntarioek ere egin dituzte banakako ekarpenak, eta guztira 3.630 euro bideratu ditugu Amillubi proiektura.
Etenik gabe martxan dabil boluntarioz osaturiko Goiener Elkartea ere. Duela gutxi topaketa egin dugu Fagollaga zentral hidrauliko txikian eta uztailaren 14an abiatuko da Bilbotik Udanbizi, Goienerrek antolatutako txirrindulari biraren edizio berria.
Txapela kentzeko lan bolondresa egiten dute eta behar adina aldiz aitortuko dugu Goienerren izaeraren muina eta mamia direla. Nahi zenuke zuk ere Goiener Elkartean boluntario gisa lagundu? Albertok esango dizu nola eta zergatik egin.
Horretaz gain, gogoan izan udan arreta ordutegi berezia eskainiko dugula uztailean eta abuztuan zehar.
— Arreta presentziala:
9:00-14:00 (astelehen-ostegun) 9:00-12:00 (ostiralak)
— Arreta telefonikoa:
Uztailean: 9:00-13:00 / 15:00-17:00 (astelehen-ostegun) 9:00-12:00 (ostiralak)
Abuztuan: 9:00-14:00 (astelehen-ostegun) 9:00-12:00 (ostiralak)
Gure aldetik besterik ez; datorren ikasturtean itzuliko da GoienerBerri, albiste freskoz beteta.
Uda ona pasa!