Ikasturte amaiera balantzea egiteko garaia izaten da Goiener kooperatiban. Aurreko ekitaldiak mundu-mailako gatazkek eta prezioen gorabeherek baldintzatuak izan baziren ere, 2023. hau emaitza positiboen eta egonkortasunaren urtea izan da Goienerrentzat eta 1.050 bazkide berrirekin itxi dugu urtea, (guztira, 18.000 bazkidetik gertu).
Energiaren ikuspuntutik ere, oinarriak finkatzeko balio izan digu pasa den ekitaldiak: bazkideei ia 100 GWh energia merkaturatu genizkien iaz; merkatuen ekoizleen 21 GWh ordezkatu ditugu, tartean gure proiektuetan sortutakoak; eta gure proiektuetan 1,5 MW ditugu instalatuta. Zenbakiez harago, badago zer azpimarratua: besteak beste, energia berriztagarrien 23 komunitate martxan jartzen lagundu dugula eta, pobrezia energetikoari aurre egiteko lanetan, zerbitzuak eskaintzen ari garela Gasteiz, Goierri eta Tolosaldean.
Batzar Orokorra 2024
Aipatutako datu horiek mahai-gainean zirela, pasa den larunbatean, ekainak 8, Lazkaoko Biziola fabrikan egin genuen Goiener S. Coop.eko Batzar Orokorra. Bazkideek aukera izan zuten ―bertatik bertara zein modu telematikoan― Batzarrean emandako azalpenak jarraitzeko.
Xehetasunez jorratu genituen 2023 ekitaldiko memoria soziala eta urteko kontuak, 2024rako kudeaketa-planak eta aurrekontuak bezalaxe. Bertan azaldu moduan, ekitaldi berrian jarduera guztiak sendotzea dugu helburu, hazkundea eta eraginkortasuna ardatz hartuta. Horrekin, kooperatibaren lehiakortasuna indartu nahi dugu (bazkideentzako zerbitzuak hobetzea), bai eta taldearen egiturari eusteko behar den marjina ziurtatu ere.
Bozen emaitzak
Proposatutako puntu guztiak adostasun zabalez onartu zituzten Batzar Orokorrean parte hartu zuten bazkideek (paperez zein Demokratian bozka-sistema erabiliz). Hala nahi duenak, esteka honetan egiaztatu ditzake emandako bozak eta emaitzak.
Amaitzeko, Goiener kooperatibako kideok eskerrak eman nahi dizkiegu Batzar Orokorrean parte hartu zuten bazkide guztiei.