Kaixo goienerkide,
Energia berriztagarriz beteta ekin diogu ikasturte berriari. Zuk ere halatsu egingo zenuela opaz, hemen duzu udako albisteen laburpena:
Zinez arrakastatsua izan da aurtengo Udanbizi, Goienerrek antolatutako txirrindulari biraren bigarren edizioa. 5 egunez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako errepideetan ibili gara, pedalei eragiteaz gain, han eta hemengo energia proiektu herritar eta komunitario interesgarriak ezagutzen. Laburpen bideoa ikusi nahi?
Udan ere atsedenik hartzen ez dutenak zenbait argindar-konpainia dira, beraien zalantzazko eskaintzekin. Bazkide askok jasan dituzuen iruzur-saiakerez ohartarazi gaituzuenez, aholku-zerrenda bat argitaratu dugu, merkaturatzaile baten telefono deia jasotzean kontuan izan beharrekoekin.
Bestalde, pozarren diogu Goienerren laguntzarekin estreinatu dela Alejandro Pérez zuzendariaren “Terapia de choque” izeneko laburmetraia. Energia-pobreziak eragindako errealitate gordinari buruzko film labur hau ikusi nahi baduzu, lotura honetan deskargatu dezakezu.
Horretaz gain, uda baliatu dugu Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin dugun konpromisoa berretsi eta hitzarmena berritzeko. Ikastolei aholkularitza zerbitzu berezia eskainiko diegu, %100 berriztagarria den hornidura bermatu eta eraikinetan autokontsumo instalakuntzak ezartzeko dituzten aukerak aztertzeko.
Hitzarmen horren emaitza dira, udan, zenbait ikastetxetan martxan jarri ditugun 3 instalazio fotovoltaiko berriak. Mila esker Orio, Lekeitio eta Galdakao, energia-burujabetzarako bidea gurekin egiteagatik!
Ikasturte berria, proiektu berriak. Irailaz geroztik, abian da RENPOWER, Goienerrek kudeatzen duen europar proiektu berria. RENPOWERREK, etxebizitzetan hobekuntza energetikoak egiten laguntzea du helburu eta gogotik egingo dugu lan, eraikin bakar bat bera ere ez dadin geratu trantsizio energetikotik kanpo.
Azken asteotan, bolo-bolo ibili da hedabideetan Goienerren izena eta gure proiektuaren izana. Egin dizkiguten elkarrizketak edo erreportajeak irakurri ditzakezu gure web orriko Hemeroteka atalean.
Irailarekin batera, gogotsu ekingo diogu herriz herri hitzaldiak emateari ere. Datozen hilabeteetan izango ditugun ekitaldi guztien berri izateko, bisita ezazu Goienerren agenda; edo, nahiago baduzu, harpidetu zaitez gure Telegram kanalera. Bestalde, kontuan izan ohiko arreta-ordutegira itzuli garela; bai bulegoetan, baita telefono bidez ere.
Edonola ere, arreta ordutegitik kanpo gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, mezu bat bidali diezagukezu kontratuak@goiener.com helbidera. Horretaz gain, hainbat kudeaketa zuzenean egin ditzakezu gure web orrian edo ”Nire Gunea” atalean.
Gure aldetik besterik ez; urrian itzuliko da GoienerBerri, albiste berriztagarri gehiagorekin.
Bitartean, zaindu.