Kaixo goienerkide,
Hemen dator urriko GoienerBerria, azken hilabeteko albisterik garrantzitsuenekin.
Udazkenean sartu garen arren, indartsu jarraitzen du energia komunitateen loraldiak: Eskoriatzan Esnargi eratu dute, Leitzeko EBK-k ekin dio ikasturteari, Oñatin eta Durangon hasi dituzte energia komunitateak sortzeko lanak… Goienerrentzat pozgarria da laguntzen ari garen komunitateen mapa argitxoz betetzen doala ikustea!
Tokian toki berriztagarriak sortu eta herritarren artean banatzeko dihardugu lanean; zentzu horretan, pozarren esan dezakegu martxan direla Zaldibian (Gipuzkoa) ibilgailu elektrikoak entxufatzeko kargagailu publikoak. Zaldibiako Udalari eskertu nahi diogu gugan jarri duen konfiantza, hasi eta buka, Goienerrek egindako lana izan baita.
Goienerren sorkuntza proiektuak ez dira Euskal Herrira mugatzen. Berriki, Westmill Solarrek eta REScoop MECISEk mugaz gaindiko lehen birfinantzaketa kooperatiboaren berri eman dute, eta gure kooperatibak Erresuma Batuko instalazio fotovoltaiko batean parte hartu du Frantzia, Belgika eta Erresuma Batuko beste kooperatiba batzurekin batera. Etxean, zein mundu zabalean, klima-aldaketa arazo globala da, eta beharrezkoa da herritarrak ahalduntzea, energia-enpresa handien botere gero eta handiagoari aurre egiteko.
Urriko azkena Klimaren eta Energiaren Astea izaten da eta, ohikoa den legez, hitzorduz bete zaigu egutegia. Herriz herri ibili gara gure proiektua zabaltzeko hitzaldiak ematen eta, horretaz gain, bestelako ekitaldietara ere gonbidatu gaituzte.
Esate baterako, Bartzelonan izan gara, Ekonomia Pluralaren Nazioarteko Jardunaldietan; Extremadurako EnVerde argindar-kooperatibaren III. Batzar Orokorrean parte hartu dugu; Iruñean egin den Energia komunitateen III. Europako Biltzarrean ere bai; eta Baionako Energiaren Bestan ere izan gara, I-ENER eta Enargiaren urteurren ospakizunean. Mila esker guztiei!
Europar proiektuek ere ez dute etenik. Esaterako, argitaratu berri da ACCE podkastaren atal berri bat, komunitate energetikoak garatzeko finantziazio mekanismoei buruzkoa. Hemen duzu entzungai, gainerako atalekin batera.
Urrian, leku berezia hartu du Goienerrek hedabideetan. Adibidez, Energías Renovables aldizkariak erreportaje mamitsua eskaini dio gure kooperatibari, autokontsumoari buruzko ale berezian. Bertan, Goienerren eredu berritzailea azpimarratzen da.
Kalitatezko kazetaritza sustatu asmoz, Goiener ere aldaketa klimatikoan espezializatutako Climática informazio kooperatibara batu da urrian, abian jarri duten crowdfunding kanpainan parte hartuz. Tokiko euskal hedabideekin ere egin ditugu hitzarmenak eta gure web orriko hemeroteka atalean ikus ditzakezu egin dizkiguten elkarrizketak eta erreportajeak.
Besterik ez; albiste gehiagorekin, azaroan itzuliko da GoienerBerri.
Bitartean, zaindu.