Urtero bezala, abenduan aldaketa fiskal eta arautzaile berriak onartu dira sektore elektrikoan 2025erako.
Zein aldaketa onartu dira?
Honakoak dira 2025ean indarrean sartuko diren eta zure argindar fakturari zuzenean eragingo dioten erregulazio-aldaketak:
— Argindarra garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko ordainsariak [1]: Bidesariek gora egin dute P1 (Punta) denbora tartean, eta murriztu egin dira gainerako aldietan.
— Sistema elektrikoaren karguak [2]: % 32,83 igo dira aurreko prezioekiko aldean.
— Sistemako Operadorearen Ordainsaria [3]: % 3,69 jeitsi da kontsumitutako energiaren egungo prezioarekiko.
— Merkatuko Operadorearen Ordainsaria [2]: Prezioa bere horretan mantenduko da.
— Kontsumitzaileek bonu soziala finantzatzea [2]: Hornidura-puntu bakoitzeko egungo kostuaren bikoitza baino pixka bat gehiago handitzen da.
— Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) [4]: 2024/12/31n BEZa murrizteari utziko zaio, argindarrak handizkako merkatuan duen hileko batez besteko prezioaren arabera. BEZa % 21eko ohiko zerga-tasara itzuliko da.
Amaitzeko, beste aldaketa hauek onartu dira, epe labur edo ertainean argindarraren merkatuko prezioari eta/edo fakturari zeharka eragin diezaioketenak:
—Kontsumitzaileentzako bonu soziala [5]: Bonu sozialaren deskontuak eta hornidura-bermea 2025/12/31ra arte luzatuko dira.
— Ekoizleek bonu soziala finantzatzea [2]: Aurreko balioarekiko % 81,14 igo da (ekoizleek beren energiaren merkatuko salmenta-prezioan sartuko dute kostu hori).
— Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga[4]: 2024ko hirugarren hiruhilekotik aurrera % 7ko zerga-tasara itzuli da (ekoizleek beren energia merkatuan saltzeko prezioan sartuko dute kostu hori).
Nola eragingo dizu?
Jarraian zehaztu dizugu aldaketa erregulatzaile horiek zer eragin izango duten kontsumitzaile baten fakturan:
• 15 € gehiago urteko, 3,7kW-eko potentzia kontratatua eta 1.700 kWh-ko urteko kontsumoa dituen etxebizitza batentzat.
• 62 € gehiago urteko, 10 kW-eko potentzia kontratatua eta urteko 8.000 kWh-ko kontsumoa dituen negozio edo establezimendu txiki batentzat.
• 90 € gehiago urteko, 15kW eta 22kW bitarteko potentzia kontratatua eta 16.000 kWh-ko urteko kontsumoa dituen enpresa txiki-ertain batentzat.
Ohiko moduan, gure webgunean dituzu Goiener tarifen prezioak xehetasunez argitaratuta.
[1] Ebazpena, 2024ko abenduaren 4koa, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoak diren argindarraren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-ordainsarien balioak ezartzen dituena.
[2] TED/1487/2024 Agindua, abenduaren 26koa, sistema elektrikoko karguen prezioak ezarri eta 2025eko ekitaldirako sistema elektrikoaren kostu arautuak ezartzen dituena eta 2025eko Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 52.4.j) eta 52.4.k) artikuluetan aipatzen diren kontsumitzaileen bonu sozialari eta argindar-horniduraren kostuari dagokienez finantzatu beharreko kopuruen banaketa onartzen duena.
[3] Ebazpena, 2024ko abenduaren 12koa, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena, 2025erako sistema elektrikoaren operadorearen ordainsariaren zenbatekoa eta hura finantzatzeko eragileei jasanarazi beharreko prezioak ezartzen dituena.
[4] 8/2023 Errege Lege Dekretua, abenduaren 27koa, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituena.
[5] 9/2024 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, ekonomiaren, zergen, garraioaren eta Gizarte Segurantzaren arloetan premiazko neurriak hartu eta sektore zaurgarrienak kaltetzen dituen egoerei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dituena.