Pasa den abenduan bidali genizuen inkestaren emaitzen inguruko hausnarketa zor genizuen. Oso kontentu gaude jasotako erantzun kopuruarekin, ia 1500 bazkide zein kontsumitzailek parte hartu zenuten.
Bildutako datuak oso garrantzitsuak dira guretzat, hurrengo urratsak ematerakoan kontsultarako eta erabakiak hartzeko balioko digute.
Jarraian bertatik ateratako hainbat ondorio aurkezten dizkizuegu:
— ARRETA ETA KOMUNIKAZIOA
Kooperatibaren sorreraz geroztik, bazkideak beti izan zarete kooperatibaren ardatza, eta hasieratik ahalegindu gara arreta bikaina eskaintzen. Eta badirudi ez gaudela hortik urrun, izan ere, %65,1ek bazkide gisa alta ematerakoan jasotako arreta “oso ona” izan zela baieztatu diguzue. %34,6k “ona” izan zela eta soilik %0,4k aukeratu du “hala moduzkoa”.Goienerren arreta-kanalen inguruan galdetzerakoan, gehiengo handi batek “oso ona” (%52,6) edo “ona” (%46,6) bezala baloratu duzue kooperatiban jasotako arreta. Arreta kalitatea hobetzeko aukera ere azpimarratu diguzue eta zenbait ideia ekarpen ere jaso ditugu, eta hobetzeko den guztia kontuan izango dugu zalantzarik gabe:
Goienerren balio handia ematen diogu informazioari: bazkideak ondo informatzeari, ematen diren araudi-aldaketen berri emateari, sektoreari buruzko informazioa helarazteari… Eta badirudi ez dugula guztiz gaizki egiten, zuek ere guk bidalitako informazioa estimatzen duzuelako: %40,4k “oso ona” bezala definitu duzue, %56,9k “ona” gisa eta %2,8k “hala moduzkoa”.
Gauzak horrela, portzentaia handi batek, %97,3k, bidaltzen ditugun mezuak nahiko argiak direla uste duzue. Eta mezu hauek jasotzeko, gehiengo batek posta elektronikoa (%65,2) eta webgunea (%13,8) erabiltzen duzue. Hala ere, fakturaren edukien inguruan galdetu dizuegunean, %55,6k aitortu diguzue “gutxi gorabehera” ulertzen dituzuela eta kontsumoa edo gastua hobetzeko ematen dugun informazioa nahiko argia den ala ez galdetzerakoan, %35,7k ere “gutxi gorabehera” esan duzue. Beraz, jasotako informazioari esker, badakigu nondik hasi gauzak hobetzen.
Bazkideek ez dituzue sare sozialak informazioa jasotzeko bide nagusi eta azpimarratzekoa da inkestatuen %51,7k adierazi duzuela Goienerrek X sarea utzi beharko lukeela. Kooperatiba barruan aspalditik buruan genuen erabakia zen hau, eta #GoazenLagunok kanpainari atxikimendua emanez, azkeneko asteetan X-en argitaratzeari utzi diogu.
— ZERBITZUAK
Goienerrek eskaintzen dituen zerbitzu batzuk aski ezagunak badira ere (“argindarra sortzeko proiektu kolektiboak”, “prestakuntza eta sentsibilizazio hitzaldiak eta tailerrak” edota “energia-komunitateak sortzeko eta laguntzeko aholkularitza”), beste batzuk oso ezezagunak direla konturatu gara (“Energia-eraginkortasuneko zerbitzuak: birgaitzea, aholkularitza” eta ”Mugikortasun elektrikoko zerbitzuak: karga-puntuak instalatzea, erabiltzea eta mantentzea”). Beraz, hor ere badugu lana kooperatibak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ezagutzera emateko.
— SORKUNTZA
Energia berriztagarriak sortzeko proiektu berri bat egitekotan, %62,6k ekarpen ekonomikoa egingo zenuketela baieztatu duzue. Eta hori ikaragarri pozten gaituen datua da, epe labur-ertainean bete-betean heldu nahi diogun gaia baita. Energia sortzerako orduan, teknologiei begiratuz gero, %25ek fotovoltaikoa teilatuetan eta beste %25ek hidraulikoa lehenetsi duzue. Teilatuetako fotovoltaikoari beste motatakoak gehitzen badizkiogu fotovoltaikoaren portzentaia osoa %48ra igotzen da.
— BALIOAK ETA PARTE HARTZEA

Zein balio transmititzen dizkizu Goiener markak?
Goienerrek transmititzen dituen balioak adierazteko, “jasangarritasuna”, “ekologia” edota “kooperatibismoa” hitzei eman diezue garrantzia gehien. Eta kooperatibaren balioak berak dira bazkideak Goienerren parte izatera bultzatzen dituena. %100 energia berriztagarria merkaturatzea eta hurbileko eta pertsonalizatutako arreta jasotzeak ere berebiziko garrantzia du bazkideentzat.
Goienerren, koooperatiba garen heinean, parte hartzeko talde ezberdinak eskaintzen ditugu eta boluntarioen parte hartzea sustatzen saiatzen gara. Baina, askok kooperatibak parte hartzeko eskaintzen dituen taldeak ezagutzen badituzue ere, ifrentzuan 330 pertsonek (%23,40k) ez dute talde hauetako bakar bat ere ezagutzen. Hor badugu zer landua!
— ETORKIZUNA
Goienerrek etorkizunean dituen erronketatik, “Kooperatibak nahikoa energia berriztagarri sortzea bazkideen eskaerari erantzuteko”, “Goienerrek bidezko prezioak ezartzeko gaitasuna izatea, merkatuaren menpe egon gabe” eta “Goiener alternatiba sendoa izatea makroproiektu eoliko eta fotovoltaikoen aurrean” izan dira zuentzako garrantzitsuenak. Eta datu hauek oso kontuan izango ditugu momentu honetan abian daukagun plan estrategikoaren lanketan.
Amaitzeko, bi datu esanguratsu, batetik etorkizunean zuetako %97,5ek kooperatiban jarraituko duzuela baieztatu diguzue eta bestetik 10eko eskala batean 8,66 puntuko batez besteko balorazio orokorra eman diozue kooperatibari. Benetan harro egoteko moduko datuak! Jarrai diezaiogun bideari elkarrekin…