Hutsik egin gabe, hemen gatozkizu hilero moduan, kooperatibaren inguruko albiste garrantzitsuenen bildumarekin.
Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizuegu apirilean Mañerun ospatu genuen Nafarkoopen Batzar Orokorrean parte hartu zenuten bazkide guztioi. Gogoratu hurrengo hitzordua ekainaren 14an dugula, Goienerren Batzar Orokorrean. Gorde eguna agendan, parte hartu eta eman iritzia. Zu zara Goiener!
Oraindik ere zeresana ematen ari da apirilaren 28ko argindar itzalaldia, nahiz eta ez dagoen argi zerk eragin zuen sistema elektrikoaren kolapsoa. Egun hartan egin genuen bezala, gure bitarteko guztiak eskaintzen jarraitzen dugu bazkideak zorrotz informatu, lasaitu eta balizko konpentsazio-neurrien inguruko zalantzak argitzen.
Goienerrek, energia berriztagarriak modu eraginkor eta seguruan garraiatzeko sare elektriko moderno eta deszentralizatuak aldarrikatzen jarraituko du. Baita hori lortzeko pausoak ematen ere. Horregatik, pozarren jakinarazi nahi dizuegu Energia Komunitateak sustatzeko estatu mailako aliantza kooperatiboa sortu dugula, beste 7 kooperatibarekin batera.
Proiektuaren helburua Energia Komunitate berrien aktibazioa erraztea eta laguntza-sare handi bat ehuntzea da. Era berean, plataforma digital bati esker, Komunitateak kudeatzeko zerbitzu gehiago eskainiko dira, autokontsumo partekatutik haratago.
Bazkideek gugan jarritako konfiantzari erantzun nahian, tarifen prezioak jaitsi ditugu apirilean. Horretaz gain, abian ditugu zenbait kanpaina berezi ere, hala nola, tarifa indexatu berriak eskaintzen hasi garela iragartzen duena edo, anfitrioi bakoitzari, bere bazkidetzarekin 5 kontratu ekartzeko aukera eskaintzen diona. Lagunduko diguzu zuk ere gure proiektua lau haizetara zabaltzen?
Dena den, zerbait izatekotan, lankidetzen hilabetea izan da apirila. Berriki, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin sinatu dugu akordioa, Goienerrek emakumeen aurtengo eskupilota txapelketak babestu ditzan.

Aipagarria da Hernaniko Udalarekin eta Enherkom Energia Komunitatearekin batera egin dugun hitzarmena ere. Akordioari esker, Hernaniko Udal eraikinetan eguzki plakak jarriko dituzte herriko energia kontsumoaren %32 berriztagarria izan dadin. Bestalde, dagoeneko, plataformetan dago entzungai “Kandela, señora!” podkastaren bigarren atala ere. Egiari zor, harrera bikaina izan du La Sinsorga Kulturgune Feministarekin batera egin dugun podcast berriak.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Goienerrek aurten ere Euskaraldian parte hartuko duela. Goienerren bermatuta dauzkazu zure hizkuntza eskubideak eta gure bulegoak Arigune izango dira!
Europar proiektuei dagokienez, badira berritasunak. Esaterako, RENPOWER proiektuak webgune berria du eta dagoeneko harpidetu zaitezke albisteen buletinera. Bestalde, gure hautagaitza aurkeztu dugu REScoop, Energia Komunitateen Europako Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kide izateko. Hemen duzu gure hautagaitza aurkezteko bideoa.
Maiatza ere hitzorduz betea datorkigu, eta, plazer baduzu, kontsultatu Goienerren ekitaldien agenda eta egin iezaguzu bisita!
Gure aldetik besterik ez. Hilabete barru itzuliko gara.