Kaixo goienerkide,
Ikasturteari merezi duen amaiera ematera dator ekaineko Goienerberria, albistez bete-betea. Dakizunez, Gasteizen egin dugu Goiener S.Coopen aurtengo Batzar Orokorra, eta biak batera esan nahi dizkizugu: eskerrik asko eta zorionak! Goienerren gora egiten jarraitzen dugu bazkide eta kontratu kopuruetan, eta baita merkaturatutako energian ere. Bejondeigula!
Proposatutako puntu guztiak onartzeaz gain —tartean gure etorkizuneko norabidea markatuko duen Plan Estrategikoa (irakurri hemen)—, aurtengo batzarra une hunkigarriz eta sorpresaz beterik etorri da. Izan ere, koordinatzaile orokor berria daukagu: Maria Arretxe Agirre nafarra! Erreleboa emango dio 12 urtez karguan izan den Santi Ochoa de Eriberi. Langile, bazkide eta boluntario guztien izenean, eskerrik asko Santi!
Badugu ospatzeko motibo gehiago, Goiener Rescoop.eu, Europako Energia Komunitateen Federazioko Kontseilu Errektoreko kide izango baita. Krakoviako batzarrean mamitu den hau, urte askotako lanaren emaitza da, jakintza pilatu eta gure ahotsa Europan entzunarazteko aukera emango diguna.
Tamalez, dagoeneko bi hilabete igaro diren arren, ez dira apirileko itzalaldiaren ondorioak erabat apaldu; alde batetik, Doitzeko Zerbitzuen prezioen gorakada eragin du; eta, bestetik, eragin zuzena izan du eguneko merkatuan argiaren prezioa minimo historikoetara jaisteko. Guretzat lehentasun bilakatu da bazkideak gaiaz garden informatzea, eta horregatik argitaratu dugu itzalaldiaren arrazoiak ikertu dituen txostenaren gaineko analisia sakona.
Itzalaldiaren aurrean ez gara besoak gurutzatuta geratu, eta “Itzali sistema, piztu alternatibak” manifestua ―eta izen bereko webgunea― aurkeztu dugu Izarkom telekomunikazio kooperatibarekin batera. Oihartzun handia izan du hedabideetan, eta dagoeneko 2.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditu. Sinatu ezazu zuk ere, eta piztu alternatibak!
Lankidetzen atala amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi aurten ere Euskaraldian parte hartu dugula, Debagoieneko energia trantsizioaren norabidea adosteko Argitzen prozesuan ere bai eta arrakastatsuak izan direla emakumezkoen Goiener Saria pilota txapelketako finalak!
Horrenbeste ekimenen artean, ez pentsa etxeko lanez ahaztu garenik! Zerbitzu onena eskaini asmoz, abian ditugu zenbait kanpaina berezi. Alde batetik, Goiener tarifa indexatu berriak eskaintzen hasi gara, eta, bestetik, Goienerreko anfitrioi izan zaitezke orain. Azken honi esker, zure bazkidetzarekin kooperatibara 5 argindar kontratu ekartzeko aukera daukazu.
Horretaz gain, uztailaren 14an abiatuko da Udanbizi, bost eguneko txirrindulari bira berriztagarriena. Aurten ere, inguruko energia proiektu eraldatzaileak ezagutuko ditugu, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaian barrena.
Iritsi da uda eta plan ederrak egiteko garaia. Gogoan izan Goiener Sarean gure bazkideek eskainitako hainbat aukera aurkituko dituzula turismoa modu iraunkorrean eta ingurumena errespetatuz egiteko.
Horretaz gain, gogoan izan udan arreta ordutegi berezia eskainiko dugula. Hemen duzu uztailean eta abuztuan zehar.
— Arreta presentziala:
9:00-14:00 (astelehen-ostegun) 9:00-12:00 (ostiralak).
— Arreta telefonikoa:
Uztailean: 9:00-13:00 / 15:00-17:00 (astelehen-ostegun) 9:00-12:00 (ostiralak).
Abuztuan: 9:00-14:00 (astelehen-ostegun) 9:00-12:00 (ostiralak).
Gure aldetik besterik ez; datorren ikasturtean itzuliko da GoienerBerri, albiste freskoz beteta.
Uda ona pasa!



























































