Kaixo goienerkide,
Hemen duzu Goienerberri, urriko albisterik garrantzitsuenak berekin hartuta. Egiari zor, oso pozik gaude, ez baitzizkigu ospakizunetarako motiboak falta. Lorpenak zerrendatzen hasi aurretik, ordea, gogoan izan iaz bezala Batzar Informatiboak antolatu ditugula. Aukeratu gertuen duzun hitzordua eta zatoz!


Atsegin handiz elkartuko gara zuekin, energiaren sektoreari eta kooperatibari buruzko edozein zalantza argitzeko.
Zergatik gauden pozik? Ba, alde batetik, duela gutxi gainditu dugu 19.000 bazkideko langa kooperatiban! Beteranoenei eskerrik asko; iritsi berriei ongi etorri!
Bestalde, sorkuntzaren alorrak eman digu poz galanta. Pasa den astean ireki genuen proiektu berrietan inbertsio kolektiboak egiteko ekarpen-leihoa… eta egun gutxiren buruan lortu dugu beharrezko kopuruaren % 100! Eskerrik asko bazkide guztiei, herritarren jabetzako sorkuntza proiektu berriztagarriak martxan jartzen laguntzeagatik! Eta emateko gogoz geratu zaretenei, ez kezkatu, laster irekiko ditugu leiho berriak.
Ahalegin berezia egiten ari gara gure bazkideengandik inoiz baino gertuago egoteko. Horren adibide da Goienerren bulego ibiltaria Lekeitiora iritsi izana. Harrera beroa jaso genuen! Eskerrik asko energiaren inguruko zalantzak argitzera hurbildu zinen Lea-Artibaiko herritar guztiei.

Ilusioz dihardugu berriztagarriak sustatu, kontsumoa murriztu eta herritarrak ahalduntzeko lanetan. Horregatik, han eta hemengo hainbat herritar-proiektutan murgildurik dago Goiener. Batzuk aipatzearren, Debagoienan energia trantsizioaren norabidea adosteko Argitzen prozesuan edo Mañeruibarreko herritarrek eta eragileek abian jarri duten Ordeas Valdemañeru-n, ibarreko erronka nagusiei aurre egiteko politikak sortzeko estrategian.
Azken hilabete honetan, ordea, gure lana ez da berriztagarrien alorrera mugatu, eta Goienerreko langileok bat egin dugu Israelgo gobernua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko lanuztearekin.
Amaitu aurretik, gogorarazi nahi dizugu hemeroteka atalean kontsulta ditzakezula hedabidetan egin berri dizkiguten elkarrizketa edo erreportaje interesgarri askoak, eta kooperatibaren inguruko informazio guztia daukazula Goienerren telegram kanalean.
Gure aldetik besterik ez; hurrengo hilabetean itzuliko da GoienerBerri, albiste gehiagorekin.
Bitartean, zaindu.


























































