Urteroko zita izateko bidean doa Goienerren gogobetetze inkesta. Urte amaieran egin, datuak jaso, aztertu eta orain, urte hasieran, emaitzak argitaratzea tokatzen zaigu.
Aurten ere oso pozik gaude parte-hartzearekin, 1.200 pertsona baino gehiagok eman baituzue zuen iritzia.
Nahiz eta iazkoa baino arinagoa izan, aurten bildu dugun informazioa ere funtsezkoa izango da gure etorkizuneko estrategiak zehazteko eta erabaki egokiak hartzeko.
Honako puntu hauek nabarmendu nahi izan ditugu jasotako datuen artean:
ā ARRETA ETA KOMUNIKAZIOA
Zenbait alderditan nabarmen hobetu da balorazioa, esaterako, “jasotako arreta” atalean. Iaz, “Oso ona” gisa baloratu zuen % 64k; aurten, % 73raino iritsi gara, 9 puntuko igoerarekin.

Arreta kanalen inguruko iritzia, “oso ona” aukerari dagokionez, iazko %52,6tik aurtengo % 63,0ra igo dugu.
Inkestan jarri genituen Arretaren kalitatea hobetzeko aukeretatik, iaz bezala, “smartphone aplikazioa, zuzeneko txata, WhatsApp/Telegram kanalak gehitzeko aukera” batetik eta “Bulegoetara joateko erraztasun handiagoa (ordutegiak, kokapenak)” bestetik baloratu dituzue % 33arekin bata eta % 25arekin bestea, hurrenez hurren.
Aldiz, ondorengo beharrak gutxiago azpimarratu dituzue, alor horietan ongi goazen seinale:
- Argitasun handiagoa behar diren izapideen berri ematerako.
- Kudeaketa eta gorabeheren komunikazio eta jarraipena.
- Arintasun handiagoa kontsultak kudeatzeko.
- Dokumentuak azkarrago eta errazago sinatzea.
- Gorabeherak azkarrago konpontzea.

Aurreko galdera osatzeko, nahiz arreta kalitatea hobetzeko lehen erantzunetan “Goiener aplikazioa” aipatzen den (txata, whatsappa eta telegramarekin batera), gero Goienerreko balizko aplikazio baten inguruan berariaz galdetzen dugunean, badirudi ez dela gehiengo batek faltan botatzen duzuen zerbait: % 40ak ez du beharrezko ikusten eta beste ia % 40 batek soilik izango lituzkeen funtzioen arabera ematen dio garrantzia.
Hobetzeko iradokizunetan sakonduz, datuek erakusten dute Goienerrentzako aplikazio espezifiko baten aldeko jarrera badagoela. Erabiltzaileen % 21 batek erabilgarri ikusten du, eta beste ia % 40 batek adierazi du funtzionalitate egokiak balitu (eraginkortasuna, segurtasuna, informazio zehatzaā¦) aplikazioa erabiliko lukeela.

Iaz %70 ados azaldu zineten komunikabideetan publizitate kanpaina txikiak egitearekin, beti ere barne irizpiden arabera eginez gero. Aurten kanpaina batzuk egin ditugu, adibidez tarifa indexatuena. Kanpaina horien berri %30ek izan duzue, zuzenean ikusi edo entzunda. Gehien sumatu gaituzue irratiko kanpainetan (% 34ak) eta prentsa idatzian (% 27ak).
Emakumezkoen Gipuzkoako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa babestea “oso interesgarria” iruditu zaizue %34ri eta %48ri “interesgarria”.

ā ZERBITZUAK ETA DIBERTSIFIKAZIOA
Probatu dituzuen Goienerren zerbitzuak baloratzeko eskatu dizuegunean, oro har balorazio ona eman diezue zerbitzu guztiei:

ā GOIENER IZAERA
Datuak aztertu ondoren, 2025-2030 Plan Estrategikoa diseinatu dugula bistarazteko badugu beharra, ez da %20ra iristen horren berri izan duzuen bazkideen ehunekoa. Egia da oraindik zabalpena emateko lanetan gabiltzala. Dena den % 80ak interesgarri jo duzue honen inguruko informazioa jasotzea, eta horrek berretsi egiten du edukiaren garrantzia eta hura ezagutarazten jarraitzeko aukera.


Goienerrekoak izatera bultzatzen zaituzten lehen hiru arrazoiek iazko berdinak izaten jarraitzen dute. Hauek, hurrenez hurren:
1. Balioak (tokikoa, kooperatiboa, soziala, eraldatzailea…).
2. %100 energia berriztagarria merkaturatzea.
3. Arreta hurbileko eta pertsonalizatua jasotzea.
Aurten “Sorkuntza propioa handitzeko inbertsioak egiteko” aukera gehitu diogu galdera honi eta “Oso-osorik euskaraz arreta jasotzeko” aukera postu bat jaitsiarazi du. Hala ere, komunikazioak euskaraz jasotzeko egiten duzuen hautuak gora egiten jarraitzen du gaztelaniaren aurrean.
Goienerren energia sorkuntzaren inguruan egiten dugunari buruzko nahiko informazio ematen dugu % 50aren ustez. Argi dugu hori gutxi dela eta oraindik badugula lana egiteko.
Galdetutakoen % 29ak soilik zenekiten Urdaitzen zentral hidroelektriko bat erosi dugula eta soilik % 7ak ezagutzen duzue Auzoargi proiektua. Egia da zentral hidroelektrikoa urte amaieran martxan jarri berri dugula eta Lazkaon martxan jarriko den lehen Auzoargi autokontsumo proiektua oraindik amaitu gabe dagoela.
Dena den, Auzoargi ezagutzen ez zenuten % 76ak horrelako proiektu batean parte hartzeko interesa azaldu duzue eta % 83ak proiektuaren xehetasunak ezagutzekoa. Proiektu hauetarako kontsumo puntuak behar izana ahala joango gara jakinarazten zein herrietan izango diren hurrengoak.


Gutxik izan duzue Goienerren sorkuntzako proiektuak sustatzeko ekarpen leihoaren berri ere, %37k. Egia da eskatu genuen kantitatea ez zela altua izan eta konturatzerako beharrezko kapitala bildua genuela. Hala ere, hurrengo leiho batean ekarpenak egiteko asmoa azaldu duzue % 60ak.
ā GOGOBETETZE OROKORRA
%96,2k Goienerren jarraitzeko asmoa adierazi duzue eta “zein puntutaraino zauden pozik Goienerren” galdetzean, batez bestekoan hamarretik 8,92ko puntuazioa eman diozue kooperatibari.

ā INKESTA BETE DUZUENEN PROFILA
Inkesta erantzun duzuenen profilari begiratuta: %95 baino gehiago zarete bazkide eta kontsumitzaileak, hau da, bi ezaugarriak betetzen dituzuenak. %65ek 5 urtetik gora darama kooperatiban. Goienerrekin duzuen konpromiso mailari begiratuta, %3,5 Goiener Elkarteko boluntarioak izan dira.
%20 Nafarkoop S.Coop sorkuntza kooperatibako bazkidea ere bada, Goiener S.Coop.eko bazkidea izateaz gain.
Generoari dagokionez %1 ez binarioak, %37 emakumeak eta %61 gizonak. Gizarteko beste sektore batzuetan bezala, arrakala handia da oraindik, landu beharrekoa.
40-70 adin tartekoek erantzunen %75 bete dituzte. Horrela sailkatuta:
< 29 %1,50
30-39 %11,07
40-49 %23,9
50-59 %27,56
60-69 %24,48
70-79 %10,74
> 80 %11,57
40 urtetik beherakoak Goienerrera erakartzen badugu erronka.
Lurraldeari dagokionez %39 gipuzkoarrak, %29 bizkaitarrak, %14 nafarrak, %13 arabarrak. Gutxi gorabehera, bazkide guztien proportzioaren antzera.




























































