Iaz abian jarritako hitzarmenari jarraipena emanez, aurten ere Goienerrek babestuko du Emakumezkoen Gipuzkoako Lau t’erdiko Txapelketa.
Eragile ezberdinek indarrak batu dituzte euskal pilota sustatu eta zabaltzeko, eta pasa den ostegunean aurkeztu zuten Donostian lankidetza hitzarmen estrategikoa. GEPF eta Goienerrez gain, Hamaika Telebistak, Tokikomek eta Izarkom kooperatibak ere sinatu dute euska pilota indartzea, ikusaraztea eta balioan jartzea helburu duen akordioa.
Bost elkarteetako ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten hedabideen aurrean. Bertan hartu zuen hitza Erika Martinez Lizarraga Goiener Taldeko lehendakariak, aurten ere Emakumezkoen Gipuzkoako Lau t’erdiko Txapelketak Goiener Saria izango duela aurreratzeko. Iaz abian jarritako hartu-emanak emaitza onak ekarri ditu alde bientzat: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, kooperatibara bazkidetzeaz gain, Goiener proiektua bere oinarrietan zabaltzeko pausoak eman baititu.
Martinezen Lizarragaren hitzetan, “Goienerrentzat harro eta pozik egotekoa da elkarlan hau, elkarte bakoitza bere sektorean aritu arren, helburu eta balioak partekatzen baitituzte: euskara, euskal kultura, gure ohiturak, ingurumena zaintzea eta balio kooperatibo zein feministak.”
Finalak zuzenean telebistaz
Iñaki Lizaso GEPFko presidenteak adierazi zuen moduan, “txapel haundi batean azpian” bildu dira tokiko enpresa eta elkarteak, euskal pilotaren zabalpenaren alde lan egiteko. Hamaika Telebista, Tokikom eta Izarkom kooperatibei esker, modalitate bat baino gehiagotako Gipuzkoako final gehienak telebistaz eskainiko dira. Horietako erdiak emakumezkoenak (tartean, Goiener Sarikoa).




























































