Nafarroako gizarte eragilez eta bazkidez inguratuta egin dugu irekiera-ospakizuna;
herritarrei deia luzatzen diegu, kontsumo ohiturak aldatu eta bi proiektuetan parte hartzeko.
Keinu txiki askok, batuz gero, mundua aldatu zezaketela idatzi zuen Eduardo Galeano uruguaitarrak. Berriki, lankidetza estrategikoaren apustua egin dugu Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak eta Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboak ere, eta pauso sendo bat eman genuen iragan ostegunean (urtarrilak 22) Iruñean, Alde Zaharrean zerbitzuak emateko elkarbanatuko dugun bulego berria inauguratuta.
Nafarroako gizarte eragileetako ordezkariz eta bi kooperatibetako bazkidez ondo lagunduta egin genuen ospakizuna, musikaz, bertsolariz eta jan-edanez ondo hornitutako inaugurazio ekitaldian. Festara inguratu zirenek, aukera bikaina izan zuten bertatik bertara ezagutzeko Kale Berriko 10. zenbakian kokaturik dagoen bulego berria. Behin ateak irekita, bi kooperatibetako bazkideak leku berean artatzeaz gain, bulego berriak lankidetzan pauso gehiago eta hobeak emateko aukerak biderkatuko dizkigu.
Festa giroan, aldarrikapenerako tartea
Inaugurazioan, Maria Arretxe Goienerreko koordinatzaile nagusiak eta Iker Garaialde Izarkomeko zuzendariak hartu zuten hitza bi kooperatiben izenean. Arretxek energia eta telekomunikazio burujabeen premia aldarrikatu zuen: “Goiener energia-trantsizioan agente aktiboa izateko sortua da eta alternatiba bat gara, erakutsi baitugu gaur egun oinarrizko baliabide bat, energia, espekulazio asmorik gabe eta modu kolektiboan kudeatu daitekeela”.
Iker Garaialdek ere, bere aldetik, burujabetzaren aldeko aldarria egin zuen: “Izarkom ere proiektu herritarra eta kooperatiboa da, eta guk kontsideratzen dugu telekomunikazio zerbitzuak guk geuk, gizarte moduan kudeatu behar ditugula”. Garaialdek, gizarte mailan, kontsumo ohituren inguruko hausnarketa sakon baten beharra eskatu zuen.
Biek ala biek ere, deia luzatu zieten herritarrei, koherentziaz jokatu eta multinazionalen menpekotasunetik askatu daitezen,“alternatiba sendo eta erreal” hauetara batuta. Gogorazi zuten, hala Goienerrek nola Izarkomek, herrigintzara eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko ekimenetara bideratzen dituztela beraien irabaziak.
Bideoa: Ahotsa.info



























































