Merkatu elektrikoa tentsio egoeran dago, nazioarteko testuinguruak baldintzatuta. Gasaren prezioak argindarraren prezioan eragin zuzena izaten jarraitzen du, gasa baita, ordu gehienetan, merkatuko prezioak ezartzen dituena.
Era berean, berriztagarrien bidez gero eta energia gehiago sortzen denez, ordu askotan prezioak jaitsi egiten dira —eguerdi partean, batez ere—. Une batzuetan prezioak oso baxuak dira, ekoizpen handikoetan, esaterako.
Dena den, egoera berri honek asko korapilatu du sistema elektrikoaren kudeaketa. Energia berriztagarrien aldakortasunaren eraginez, gero eta beharrezkoagoa da sorkuntzaren eta kontsumoaren arteko oreka bermatuko duten mekanismoak martxan jartzea (Sistema Doitzeko Zerbitzuak deiturikoak). Mekanismo hauen kostua handitzen ari da eta egunez egun eragin handiagoa du gure fakturan.
Errege Dekretu Lege berria: zuk jakin beharrekoa
Duela gutxi onartu den 07/2026 Errege Dekretu Legean, behin-behineko neurri batzuk jarri dira indarrean, argindarraren kostua merketzeko helburuz:
- Energiaren BEZa jaitsi da: % 10eko tasa aplikatuko zaie 10 kW-tik beherako potentzia kontratatuta daukaten argindar kontratuei.
- Argindarraren gaineko Zerga Berezia jaitsi da, % 5,11etik % 0,5era, 1€/MWh-ko gutxieneko prezioa ezarrita.
Aldi baterako neurri hauek, printzipioz, ekainaren 30a arte egongo dira indarrean.
Bestetik, berritasunak daude autokontsumoaren inguruan (instalazio fotovoltaikoak eta eolikoak dauden lekutik, 5 kilometroko erradioaren barruan dauden kontsumitzaileek batzeko aukera izango dute), baita enpresa eta autonomoentzako berariazko neurriak ere (erraztasunak emango zaizkie kontratatutako potentziak doitzeko).
Nola eragingo dit niri?
- 10 kW-etik beherako potentzia kontratatuta baldin badaukazu, ohartuko zara zure hurrengo fakturetan BEZa eta Zerga Elektrikoa jaitsi direla, ordaindu beharrekoa % 10 eta % 15 artean murriztuz.
- 10 kW edo gehiago badituzu, Zerga Elektrikoa murriztuko zaizu, baina BEZa ez, eta % 3 eta % 5 artean aurreztuko duzu.
- Negozio baten jabe edo autonomoa bazara, aukera izango duzu kontratatutako potentzia modu erraz eta arin batean doitzeko, ohiko kosturik gabe.
GOIENER FINKOA tarifa baldin baduzu, merkatuetako gorabeherek ez dute eraginik izango energiagatik ordaintzen duzun prezioan, ez epe motzean behintzat. Duela aste batzuk jakinarazi genizun bezala, Goiener kooperatibak ezarriak ditu uztailaren 1era arteko prezioak. Eguneraketarik balego, unean bertan jakinaraziko genizuke ohiko bideak erabiliz.
Aldiz, GOIENER INDEXATUA tarifa kontratatua badaukazu, gogoan izan orduz ordu aldatzen dela energiarengatik ordaintzen duzun prezioa, handizkako merkatuaren arabera. Esaterako, batez besteko prezioa martxoan —Irango krisia hasi ondoren— otsailekoaren gainetik dago, nahiz eta pasa den urtarrileko mailen azpitik mantendu.
Testuinguru honetan, bereziki garrantzitsua da ordutegien patroiak kontuan izatea: gaur-gaurkoz, preziorik baxuenak eguerdian izan ohi dira (berriztagarriek energia gehien sortzen duten unean). Ordu-tarte merkeagoetan kontsumitu nahi baduzu, gure (2.0TD-Index eta 3.0TD-Index) Telegram kanalak jarraitu ditzakezu, edo gure webgunea, bertan argitaratzen baitugu ordutegirik merkeenen inguruko informazio eguneratua.



























































