2025eko apirilaren 28a gutako askoren oroimenean iltzatuta geratu den eguna da, orain dela urtebete izandako argindar etenaldiak, ordu askoz energiarik gabe eta inkomunikatuta utzi baitzuen ia Iberiar penintsula osoa. Orduko hartan, gertakariei erantzun asmoz, āItzali sistema, piztu alternatibakā ekimena jarri genuen abian Goiener eta Izarkom kooperatibek. Urtebete honetan, beste hainbat eragile batu dira ekimenera, eta manifestu kolektibo bat aurkeztu dugu Bilbon, egungo eredu ekonomikoa ezbaian jarri eta alternatiba errealak eraikitzeko premia aldarrikatuz.
Bilboko āLa Bolsaā eraikinean egindako prentsaurrekoan, Goienerreko Garapena taldeko kidea den Santiago Ochoa de Eribe Usabiagak eta LAB sindikatuko Jaione Eroa Bayonak jarri diote ahotsa manifestuari. Azken honen hitzetan, Ā«Internet eta argindarrik gabeko iluntasun hark argi erakutsi zigun, inoiz baino konektatuago gaudela uste dugun garaiotan, zein menpekoak eta zaurgarriak garenĀ».


Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen aurrekaririk gabeko itzalaldi hura. Aitzitik, agerikoak bezain sakonak dira etenaldi horrek eragin zituen ondorio sozial eta ekonomikoak. Ochoa de Eriberen hitzetan, «etenaldi handi hark ez gintuen soilik ilunpetan utzi; ispilu bat ere jarri zigun gure begien aurrean eta ohartu ginen gure askatasuna eta ezinbestekoak ditugun azpiegitura kritikoak besteren esku utzi ditugula».
Manifestuaren sinatzaileek adierazi dute horrelakorik berriro gerta ez dadin, Euskal Herriko energia eta telekomunikazio ereduen inguruko «hausnarketa sakona» egiteko premia dugula. Aldi berean, eztabaida hori «gizarte mailan» egin behar dela aitortu dute. Amaitzeko, orain dela ekiteko unea azpimarratu zuten, eta herritarrok, erakunde publikoek eta kooperatibok indarrak batu behar ditugula trantsizio ekosoziala bultzatzeko.
Manifestuaren sinatzaileak:
Olatukoop ā Udalbiltza ā REAS Euskadi ā ELA ā LAB ā Etxalde ā ESK ā Joxemi Zumalabe Fundazioa ā Ekhilur ā EH KOM ā Talaios ā Koop57 ā BAM (Burujabetzaren aldeko mugimendua) ā Butroi bizirik ā Euskonet Elkartea ā Goiener ā Izarkom



























































