Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin sinatutako akordioari esker, “Goiener Saria” izena eramango du txapelketak
Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak jarraipena emango diote iaz abian jarritako lankidetza-hitzarmenari. Akordio horri eskerrak, aurten ere, Goienerrek babestuko ditu emakumezkoen Gipuzkoako esku pilota txapelketak, 4 t’erdiko modalitatean.
Bi erakundeeek Donostiako Atano III. pilotalekuan eman dute lankidetza hitzarmenaren berri. Xehetasunak emateaz arduratu dira bi erakundeetako lehendakariak, GEPF-ko Iñaki Lizaso Perez eta Goienerreko Erika Martínez Lizarraga. Besteak beste, aurreratu dute “Goiener Saria” izena eramango dutela 4 t’erdiko txapelketek.
Finalak ekainaren 13an
Iñaki Lizaso Perez GEPF-ko presidentea pozik agertu da Goienerrekin sinatutako akordioarekin: “Gipuzkoako Pilota Federazioarentzat garrantzia handia du Goienerrek emandako babesak, akordio honekin, emakumeen pilotari bultzada eta ikusgarritasuna eman baitzaio.“ Lizasoren ustez «Goienerrek, bere txikitasunean, bikain islatzen ditu euskal pilotaren izaera eta balioak.»
“Goiener Sariko” final guztiak ekainaren 13an jokatuko dira , Donostiako Atano III. pilotalekuan. Iñaki Lizaso Perezen hitzetan, «festa handia izango da» eta Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko du jaialdia.
Erika Martínez Lizarraga Goienerreko lehendakariak, bere aldetik, adierazi du pozgarria izan dela «orokorrean, emakumezkoen kirola eta bereziki euskal pilota babesteko aukera izatea». Bi erakundeak iaz hasi ziren elkarrekin bidea egiten. Martinezen hitzetan, «Goienerrek espero du, akordio hau bide luze baten hasiera baino ez izatea», bi erakundeek elkarrekin jarraitu dezaten «berdintasunaren, euskararen eta berriztagarrien aldeko konpromisoan».




























































