Birgaitze energetikoa ez da soilik efizientzia edo aurrezpen kontua: hobeto bizitzeko modu bat da, etxean erosoago egoteko eta gure eraikinak etorkizunerako prestatzeko. Energiaren prezioak igo eta emisioak murriztea ezinbestekoa den garai honetan, gero eta gehiago dira beren eraikinak osorik birgaitzea erabakitzen duten bizilagun-komunitateak.
Datuen arabera, etxebizitza gehienek, batez beste, 47 urte dituzte, eta eraikin asko isolamendu termikorik gabe edo isolamendu gutxirekin eraiki ziren. Izan ere, 2007tik aurrera eraikitako etxebizitza-parkearen % 10 soilik eraiki da isolamendu egokiarekin. Horren ondorio da neguan etxebizitzak hotz egotea, udan bero, hezetasunak, kondentsazioak eta energia-faktura garestiak.
Zergatik zaharberritu eraikin bat?
Birgaitze energetikoak onura oso zehatzak dakartza, nola maila ekonomikoan, hala bizi-kalitatean:
- Energia aurrezpena: isolamendu hobeari esker berokuntza- eta hozte-kontsumoan % 30 eta % 40 artean aurreztu dezakegu..
- Erosotasuna eta osasuna: neguan etxebizitzak beroago, udan freskoago eta hezetasun-arazo gutxiagorekin. Gainera, airearen kalitatea hobetzen du.
- Etxebizitzaren balioa handitzea: berrikuntzek etxebizitzaren balioa % 10 eta % 15 artean handitu dezakete.
- Energia erresilientzia gehiago: energia-mendekotasuna murrizten du eta etorkizunean berriztagarrien integrazioa erraztu.
Gainera, Europako legediek argi eta garbi diote: 2050erako eraikuntza-parkearen erabateko deskarbonizazio lortu behar dugu eta 2040. urterako gas- eta gasolio-galdarak kendu. Nabarmentzekoa da duela gutxi utzi zaiola sistema horietarako dirulaguntzak emateari.
Zer hobekuntza egin daitezke?
Eraikin bakoitzak bere ezaugarriak eta beharrak ditu, baina badaude modu bereziki eraginkorrak kontsumoa murrizteko eta bizi-kalitatea hobetzeko:
- Fatxaden isolamendu termikoa.
- Estalkien isolamendua.
- Garaje eta etxebizitzen arteko isolamendua hobetzea.
- Leihoak aldatzea.
- Gas-galdaren ordez bero-aerotermiako ponpak jartzea.
- Beroa berreskuratzeko aireztapen mekanikoko instalazioa.
- Instalazio fotovoltaiko kolektiboak.
Neurri horiei esker energia-kontsumoa murriztu daiteke eta etxebizitzen erosotasun termikoa eta akustikoa nabarmen hobetu. Baita airearen kalitatea hobetu eta kondentsazio-arriskua murriztu ere.
Hau da ekiteko unerik onena
Bizilagunen komunitate askok ez dute pausoa ematen, prozesuak korapilatsua dirudielako: aurrekontuak, laguntzak, auzokideen bilerak, erabaki teknikoak… Hala ere, aholkularitza espezializatua izateak izugarri errazten du bidea. Horregatik, Goiener, Renpower Europar Proiektuaren baitan, BiBiZi birgaitze energetikorako laguntza-zerbitzua garatzen ari da, etxebizitzentzat eta zerbitzu-sektoreko bizitegi-eraikinentzat. Beraz, zure bizilagun komunitateak RENPOWER proiektuan pilotu gisa parte hartzea interesatzen bazaizu, gurekin harremanetan jar zaitezke bibizi@goiener.com helbidera idatziz.
Izan ere, eraikin bat birgaitzea ez da soilik inbertsio ekonomikoa. Apustu bat da, etorkizunean gure etxebizitzak osasungarriagoak, eraginkorragoak eta hobeto prestatuak egon daitezen. Planifikatzen zenbat eta lehenago hasi, orduan eta errazagoa izango da laguntzak baliatzea, kontsumoak murriztea eta eraikinean bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea.
Lehen pausoa, informatzen hastea da: jarri gurekin harremanetan bibizi@goiener.com helbidera idatziz!




























































