2025 ikasturtean, kooperatibak 19.000 bazkideko langa gainditu du eta bazkideei 110 GWh energia berriztagarri merkaturatu dizkie
Ikasturte amaiera balantzea egiteko garaia izaten da Goienerren, eta pasa den larunbatean, bazkideen aurrean, 2025 ekitaldiko emaitzen berri eman genuen Abadiñon egindako Batzar Orokorrean. Iragan dena, emaitza positiboen urtea izan da kooperatibarentzako. Alde batetik, 19.000 bazkidereren mugarria gainditu dugu eta, bazkide horiei, 110 GWh energia baino gehiago merkaturatu dizkiegu.
Horretaz gain, azpimarratzekoak dira 2025 ekitaldiari dagozkion zenbait datu: tarifa indexatuak eskaintzeari ekin diogu; Izarkom kooperatibarekin batera, bulego berria zabaldu dugu Iruñean eta “Itzali sistema, piztu alternatibak” ekimena martxan jarri; europar proiektu berriak ditugu martxan; eta Europako Energia komunitateen Federazioko Kontseilu Errektorean sartu gara.
Bideo honetan duzu laburbildu dugu Goiener koopratiban 2025 ikasturtean egindako lan guztia, gure egiteko modu demokratiko eta parte-hartzailean azpimarra jarrita.
Batzar Orokorra 2026
Datu hauek guztiak eskuan hartuta aurkeztu ginen larunbateko Batzar Orokorrera, Abadiñoko Errota Kultur Etxean. Xehetasun osoz jorratu genituen 2025 ekitaldiko memoria soziala eta urteko kontuak, 2025.erako kudeaketa-planak eta aurrekontuak bezalaxe. Berritasun modura, mahai-inguru bat antolatu genuen, kooperatibarentzat estrategikoak diren 3 proiektu sakonago ezagutarazteko.
Goienerren, sorkuntzarako proiektu handietan parte-hartzeko aukeraren inguruko hausnarketa kolektiboa egin dugu aurten, eta ondorio nagusiak aurkeztu zituen Santi Ochoa de Eribek, Garapena taldearen izenean. Ochoa de Eribek azpimarratu zuen zein baldintza bete beharko liratekeen Goienerrek sorkuntza proiektu handi batean parte hartu dezan: “”Zorrotz bete beharko lirateke guk ezarritako parametro teknikoak, ingurumenekoak eta sozioekonomikoak, eta ondo aztertu zer ekarpen egiten dioten instalazio horiek bidezko trantsizio ekologiko bati.”
Jarraian, Garapena Taldeko Eider Iribarrek energia-efizientziaren alorrean eman ditugun pausoak azaldu eta eraikinen birgaitzea ardatz duen bibizi proiektua aurkeztu zuen. Amaitzeko, Koldo Garcia Bulego teknikoko langilea arduratu zen Goienerrek sortu berri duen Auzoargi proiektu kolektiboa aurkezteaz.
Bozen emaitzak
Bazkideek adostasun zabalez onartu zituzten Batzarrean proposatutako puntu guztiak. Horrela egin nahi duenak, esteka honetan egiaztatu ditzake emandako bozen emaitzak.
Goiener kooperatibako kideok eskerrak eman nahi dizkiegu Batzar Orokorrean parte hartu zuten bazkide guztiei, eta baita Abadiñoko Udalari ere.





























































