Goienerren bi urte inguru iraun duen hausnarketa bat egin berri dugu, tamaina handiko proiektuen bidez argindarra sortzeko gure ereduari buruz. Jakin badakigu sorkuntza-produkzioa handitu beharra daukagula (hori da gure oinarri sozialak urteroko inkestan eskatzen diguna), baina argi dugu, era berean, hori ezin dela edonola egin. Horregatik, puntu hori iaz onartutako Plan Estrategikoaren baitan sartu genuen. Gai honek, era berean, bere lekua hartu du Batzarrean onartutako 2025 eta 2026 Kudeaketa Planen barruko jarduera-ildo zehatzetan.
Prozesu honek hainbat fase izan ditu: aurrez aurreko topaketak, Kontseilu Errektorearen lan-jardunaldiak, boluntarioen eta bazkide langileen arteko sozializazioa…
Jarraian irakurriko duzuna dekalogo moduko bat da, eta bertan laburbildu ditugu, alde batetik, gaur egun egiten dugun irakurketa sozioekonomikoaren puntu garrantzitsuenak, eta, bestetik, parte hartu genezakeen proiektuak ebaluatzeko oinarri ditugun ildo nagusiak.
Nafarkoop eta Goiener S. COOP.-en batzar orokorretan xehetasun handiagoz partekatu ditugu bai azterketa-ildo horiek, eta baita orain arte proiektuen ebaluazioan egindako lan guztia ere.
Ingurune sozioekonomikoari buruzko gure irakurketa
- Gure gizartearen egungo dinamika sozioekonomikoak, ― Goienerrek eta ekonomia sozial eta solidarioak aurre egin nahi dion horrek ―, mundu osotik datozen energia eta materialen etengabeko eskualdatzea eskatzen du, gero, ondasun, produktu eta zerbitzu bihurtzeko; kasu askotan, zerbitzu horiek, berriro esportatzen dira.
- Dinamika horren oinarrian irabaziei balioa ematea dago, eta aldi berean, irabazi horiek etengabe gora egitea, esparru kapitalistak agintzen duen bezala. Hau da, etengabeko hazkundea eskatzen du.
- Hazkunde horrek eraginez, desoreka sakona sortzen da erauzketa-ahalmenaren (agortzearen) eta gure kultura kontsumistaren artean, eta, aldi berean, areagotu egiten da naturaren degradazio-maila (kutsadura), gaur egun bizitza bermatzeko funtsezkoak diren 9 muga biofisikoetatik 7 gaindituz.
- Hazkundearen zurrunbilo horretan, gure gizarteak erregai fosilekiko mendekotasuna du, baina baita gure egungo status quo-a posible egite nduen duen edozein mineralekiko ere.
- GOIENER jabetzen da mendekotasun horretaz. Diskurtso hegemonikoa irauli nahi dugu, trantsizio energetikoaren alde eginez.
- Gaur egun, trantsizio energetiko hori ez da gertatzen ari, bidezko trantsizio ekosozialaren ikuspegitik. Izan ere, sakoneko dinamikak aldatu gabe jarraitzen du (irabaziak-diru-gosea-hazkundea-estraktibismoa-kutsadura) baita jatorri berriztagarriko energia erabilgarri bihurtzen duten elementuak ekoizteko ere (beroa, argindarra, lana…); berriztagarriek gora egin arren, kontsumo globalak ere gora egiten jarraitzen duelako; irtenbideak aurkitzeaz arduratu behar luketen horiek, irabazien-dinamikan mugitzen direlako, botere- eta indar-harremanak ezarriz; giza eskubideak urratzen dituzten erauzketa-politika erasokorretan oinarritutako garapen-ereduarekin jarraitzen dute, eredu horri aurre egiten diotenak arrisku larrian jarriz, eta funts publikoak bereganatzeaz gain, etorkizuneko belaunaldien inbertsio-ahalmena hipotekatuz.
- Euskal Herriko testuinguru sozio-ekonomikoan, gainera, estamentu ofizialetatik esan eta ikustarazten da, oro har, berriztagarririk gabe (batez ere, tamaina handiko proiekturik gabe) ezingo diogula etorkizunari aurre egin, honako guztia kontuan hartu gabe:
- a) planteatzen diren berriztagarri gehienek argindar-kopurua murrizten baino ez dutela laguntzen; kasurik onenean, gaur egun kontsumitzen dugun guztiaren % 30 estaltzera irits gaitezke; beraz, ez gaituzte autosufizientzia- eta subiranotasun-egoera batera eramaten;
- b) gure industriaren lehiakortasunerako ezinbestekoa dela, aberastasuna “sortzen” duela, argindarra beste merkatu batzuetan prezio lehiakorragoan eros daitekeenean;
- c) demokratizatzeko aukera bat direla, errealitateak, ordea, zera erakusten du: berriztagarrien sustapena eragile pribatuen esku dagoela, jabetza mugatuko aukeretan parte hartzea ur-ardotuz, eta;
- d) proiektu handien hedapena landa-inguruneetan egiten dela nagusiki, biodibertsitateari eragindako kaltea handituz.
Proiektuak baloratu ahal izateko gure funtsezko printzipioak
- Jatorri berriztagarrietatik eratorritako energia sortzeko proiektuek, irabazi asmorik gabeko dinamikak bultzatu behar dituzteela, eta ez dituztela sustatu behar “etekin” finantzarioa bilatzen dutenak; hau da, ez dutela elikatu behar hazkundearen zurrunbiloa.
- Proiektuen jabetza nagusiki ekimen komunitarioena izan behar dela, non alderdi publikoak zeresan handia izango duen. Horri esker, proiektuak ahalik eta modu egoki eta bidezkoenean diseinatu eta integratuko dira, hala dagokionean.
- Proiektuek kontuan izan behar dutela eragingo dute kaltea, eta tokian toki edo globalki eragingo duten inpaktua. Modu horretan baloratuko da desegokitasunetik hasita, araudiak baimentzen dituen estandarretatik harago doazen arintze- eta konpentsazio-neurriak arte.
- Onartzea bidezko testuinguru ekosozial baterako bidean (mugez gaindiko) beste lurralde, erkidego eta imajinario politikoetatik haragoko elkarlanak egin ditzakegula, eta egin behar ditugula, guztiontzako bizitza duin bat sustatzeko.
- GOIENERek “proiektu handi” berriztagarri bat garatzeko aukera izanez gero, gutxieneko irizpide hauek erabiliko ditugula:
- Horretarako gaitasun tekniko nahikoa duten agenteekin egingo dugu.
- Jabetza geurea izatea, eta geure diogunean, proiektuarekin zerikusia duten tokian tokiko eragileez eta komunitateaz ari gara.
- Jabetza komunitatearena denez, diseinua ere kolektiboa izango da, eta espazio, komunitate, kultura, sentsibilitate eta elkartasun bakoitzaren errealitateari, beharrei eta ezaugarriei erantzungo die.
- Desagertzeko arriskuan dauden espezieei ez kalterik egitea, nahiz eta neurri aringarriak egon.
- Lurrak eta habitatak lehengoratu eta hasieran zeuden baino hobe uztea.
- Ezin dira eraiki babestutako naturgune bakar batean ere.
- Hesi-efekturik ez sortzea, batez ere espezie migratzaileei.
- Jendeari eragiten dion zaratarik ez sortzea, herriguneetatik hurbilegi daudelako.
- Energiaren hustuketa, batez ere, lurpetik egitea.
- Sortutako energia bertako komunitatearentzat izatea, hau da, hura osatzen duten eragile sozioekonomiko guztientzat, eta zati bat uztea pertsona zaurgarrienzako.



























































