Azken hilabeteetan ikusten ari gara merkatuan energia erosteko kostuak goranzko joera nabarmena izan duela. Prezio nahiko neurridunak izan dituen udaberri baten ondoren, udako hilabeteak goia jotzen ari dira handizkako merkatuan.
Urtero, uda garai honetan, merkatuko prezioaren igoera eragiten duten hainbat faktore batzen dira:
- Tenperatura altuek: klimatizazio gailuen erabilera handia sortzen dute, eta horrek penintsulako urte osoko argindar-eskari handienak eragiten ditu. Energia-eskariak gora egiten duen heinean, eguneko merkatuko azken prezioak ere gora egiten du.
- Hidroelektrika bidezko ekoizpen txikiagoa: ibai eta urtegietako emariak gutxienekoetan egonik, hidroelektrikaren ekoizpena murriztu egiten da. Horrek, behartzen du gainerako eskaria gas bidezko ziklo konbinatuko zentral garestiagoekin estaltzera.
Udako ohiko baldintzei, aurten faktore geopolitiko erabakigarri bat gehitu behar zaie: Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna eta Ormuzko itsasarteko arriskuak. Izan ere, Ormuzko itsasartea kritikoa da, bertatik pasatzen baitira munduko petrolioaren % 20 inguru eta gas-merkataritzaren zati oso handi bat. Hori dela eta, bertako trafikoa etetea arrisku handia da munduko energia-merkatuentzat.
Momentu honetan gas-erreserbak dira Europako gasa eta argindar-prezioak goruntz bultzatzen ari diren arrazoi nagusiak. Oraingoz ez dago berehalako hornidura-arazorik, baina Europar Batasuneko gas-biltegiak beren edukieraren % 63 inguruan daude, garai hauetarako ohikoa litzatekeen % 80aren azpitik. Europa desio lukeena baino segurtasun-koltxoi txikiagoarekin iritsiko da uda amaierara, eta negua hasi aurretik denbora gutxi izango du biltegiak betetzen jarraitzeko.
Erreserben inguruko kezka horrek gasaren gaineko “arrisku-prima” gisa funtzionatzen du, eta berehala eragiten dio argindarraren prezioari. Gasaren presio hori batez ere arratsalde eta gaueko orduetan nabaritzen da, eguzkia ezkutatzen denean eta ekoizpen fotovoltaikoa desagertzen denean. Orduan, ziklo konbinatuak martxan jartzea derrigorrezko bihurtzen da eskaria estali ahal izateko, ordu-tarte horretako prezioak izugarri igoz.
Eguneko merkatuko prezioaz gain, une honetan, argindarrak badu beste aldagai garrantzitsu bat: Red Eléctrica de Españak (REE) kudeatzen dituen doitze-zerbitzuak.
2025eko apirilaren 28ko itzalaldiaren ondoren, REEk “modu indartuan” kudeatu ditu zerbitzuok sareari egonkortasun handiagoa emateko. Ondorioz nabarmen garestitu dira, aurtengo otsaila eta martxoa bitartean maximoetara iritsiz. Azken hilabeteetan prezioak apur bat jaitsi diren arren, maila ikaragarri altuetan jarraitzen dute: 2024an ohikoa zenaren ia bikoitza.
Eta orduan, zer espero dezakegu 2026ko azken hiruhilekorako?
Udazkeneko eta neguko hilabeteei begira (azaroa eta abendua bereziki), merkatuko aurreikuspenek diote prezioek garesti eta gorabehera handiarekin jarraituko dutela. Batez ere bi arrazoiengatik:
- Kontsumo handiagoa eta argi-ordu gutxiago: datozen hilabeteetako tenperaturen jaitsierak berokuntza-sistemen erabilera areagotuko du, argindar-eskaria handituz. Eguneko argi-orduak laburtuz doazen heinean, eguzki-energiaren ekoizpena murriztuko da. Horren eraginez, argindar eskaria estaltzeko, ordu gehiagotan zehar beste sorkuntza-teknologia (orokorrean garestiago) batzuetara jo beharko da.
- Ziurgabetasun geopolitikoa: Ormuzko trafikoaren gaineko arriskuak altu mantenduko du gasaren arrisku-prima, are gehiago neguko tenperatura hotzek Europako erreserbak azkarrago hustutzea eragiten badute.
Testuinguru honetan, aurreikustekoa da argindarraren merkatuak gorabehera handiak izatea urteko azken hiruhilekoan. Prezio altuen pasarteak izateko arrisku handiagoa izango da ekoizpen berriztagarri txikieneko orduetan, bereziki hilabete hotzenetako arratsalde eta gauetan.


























































