Goienerren urteak daramatzagu bestelako energia-eredu bat eraikitzeko lanean: bidezkoa, demokratikoa eta gurean sustraitua izango dena. Desio dugun energia-trantsiziorako bidea, ordea, ezin dugu bakarrik egin, eta ezinbestekoak ditugu gure balioak partekatzen dituzten bidelagun onak, ekonomia-eredua eraldatzen dihardutenak. Zentzu horretan, funtsezkoak dira finantza kooperatiboak.
Zorionez, ez daukagu urruti joan beharrik finantza etiko eta solidarioetan oinarritutako finantza zerbitzu eraldatzaile bat aurkitzeko: Koop57.
Urteak dira Goiener eta Koop57 eskutik hartuta goazela. Bi erakundeon oinarriak dira gardentasuna, kooperazioa eta herritarren parte-hartzea, eta konpromiso sendoko lankidetza honi esker lortu dugu unerik zailenetan aurrera egitea, baliabideak partekatzea eta energia-proiektu eraldatzaileek argia ikustea.
Koop57: babesa, gehien behar genuenean
Adibide ezin hobea da, duela 4 urte gertatu zena. Ukrainako gatazkak krisi energetikoa eragin zuen, eta kolokan jarri zituen energia-sektoreko merkaturatzaile asko. Tartean, Goiener. Tentsio eta ziurgabetasun handiko giroan, egoera ekonomiko larriari aurre egin behar izan genion.
2022 hartan, Goienerrentzat ezinbestekoa izan zen Koop57ren laguntza finantzarioa, bestela ez baikenuen merkaturatzaile jarduerarekin jarraitzerik izango. Inoiz baino argiago ulertu genuen zer balio duen sare kooperatibo batek, eta zer garrantzitsua den elkar babesten duen sare bateko kide izatea.
Orduko hartan bizitakoak erakutsi zigun aliantzak ez direla eraikitzen une gozoetan, soilik; benetako laguntza, momenturik zailenetan jasotzen duzuna da. Zorionez, besteren artean Koop57rengandik jasotako finantzaketari esker, Goienerrek bere proiektuari eta berezko izaerari eutsi ahal izan zion, bidean autonomia eta gobernantza demokratikoa albora utzi beharrik gabe.
Orduan, argi geratu zitzaigun zein garrantzitsua den Koop57 bezalako zerbitzuak aldamenean edukitzea; orain, inoiz baino gehiago sinesten dugu finantza etiko eta solidarioetan oinarritutako sareetan, ikusirik berriro ere ate-joka datozela ziurgabetasun geopolitikoak eta hauek eragindako merkatuaren gorabeherak.
Proiektu eraldatzaileen sarea
Goienerren eta Koop57ren arteko lankidetza-harremana sare zabalago baten parte da. Euskal Herriko Koop57 elkarteak, 2015ean sortu zenetik eta bazkideen aurrezkiei esker, proiektu eraldatzaile askori lagundu die, hala sortzen, nola ekonomikoki sendotzen ere. Besteak beste, Goierriko Biziola, Iruñeko LABA eta Katakrak, Olatukoop edo hainbat herritako energia komunitateak.
Adibide hauek argi erakusten dute finantza kooperatiboek era askotako proiektuei lagundu diezaieketela, hala nola, trantsizio energetikoa sustatzea, elikadura-subiranotasuna bultzatzea, gizarte-ekonomia saretzea edo tokiko komunitateak sortzea helburu dutenei.
Goienerrentzat trantsizio energetikoa bera, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren parte da eta horregatik uste dugu energia berriztagarria sortzea bezain garrantzitsua dela energia hori nola banatzen eta kudeatzen dugun erabakitzea; alegia, bestelako ekonomia eredu bat sustatzea. Demokrazian eta gardentasunean oinarritua.
Horregatik, ezinbestekoa dela uste dugu gure printzipio eta baloreekin bat egiten duten erakundeen lana bistaraztea. Eta baita zuri honakoa gogoraraztea ere: zure aurrezkiek gure ingurua eraldatzen lagundu dezakete.
Gure aurrezkiak, bestelako ekonomia baten alde
Berriztagarriak eta finantza etikoak. Energia-trantsizioa eta aurrezki solidarioak. Goienerren eta Koop57ren arteko elkarlanak konpromisoa du oinarri eta finantza-eragiketa bat baino gehiago da: tresna ekonomiko propio bat, Euskal Herrian lan egiten duten pertsonak eta proiektuen premiak erdigunean dituena.
Horregatik, Goienerreko bazkideak gonbidatzen ditugu bestelako ekonomia-eredu baten alde ekitera. Ezagutu Koop57, ezagutu Euskal Herrian finantzatzen dituen proiektuak eta kontsultatu nola parte har dezakezun.
Izan ere, gure baliabideak partekatzen ditugun proiektuen zerbitzura jartzen ditugunean, zer etorkizun eraiki nahi dugun erabakitzen hasten gara.



























































