Kooperatiba energetiko berriztagarriak: REScoop [Berria.eus]
Olatz Azurzak 2015eko irailaren 26ean Berria.eusen argitaratutako artikulua.
Gaur Iberiar penintsulako kooperatiba energetiko berriztagarrien bigarren topaketa egingo da. Han, Madril, Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Kantabria (Espainia), Katalunia eta Valentzia (Herrialde Katalanak), Galizia eta Euskadiko kooperatibek aurrerantz begira landu nahi dituzten lerroak finkatuko dituzte. Han izango da, nola ez, Europako mota honetako kooperatiben federazioko (REScoop.eu) ordezkaritza ere.
REScoop-ak energia iturri berriztagarriak sustatzen dituzten kooperatibak dira (Renewable Energy Source Cooperative). Biztanle horiek kooperatiben bitartez energia ereduaren trantsizioaren aldeko inbertsioak egiten dituzte —bai dirutan, bai denboran—: ikatza, energia nuklearra eta antzeko iturriak uzteko eta %100 jatorri berriztagarria duten eta efizientzia maila handia duten teknologietan oinarritzen den eredu batera aldatzeko. Energia berriztagarri gisa ezagutzen dira agortzen ez diren iturriak, naturaren ziklo eta abiadura berean berritzen direnak: eguzkikoa, eolikoa, hidraulikoa, geotermia eta biomasa. Honela esanik, teknologia aldaketa huts batez arituko ginateke, ez da hori bakarrik, ordea. Modu honetako proiektuek energia merkatuaren demokratizazioa —ekoizpen eta kontsumoan biztanleen parte hartzea indartuz, kooperatiba moduan— eta energia ereduaren aldaketa ere eskatzen dute —tokian tokiko baliabideei egokitua, gertukoa eta askoren artean banatua—. Europan, urte hasieran 2.400dik gora ziren erregistratuak eta horien atzean ehun milaka europar. Euskal Herrian Goiener S. Coop., I-Ener eta Barrizar dira mota honetako kooperatiba bakarrak.
Kooperatiba horiek sortzearen zergatia egungo ereduaren jasangarritasun eza da dudarik gabe. Ingurumenean, klima aldaketa; osasunean, kutsaduraren eragina biztanleengan; ekonomia alorrean, erregai fosilen —ikatz, gas, petrolioen— prezioek estatuak defizitera eraman eta etxeetan inoiz ezagutu gabeko estutasunak fakturak ordaintzeko… Eta guztietan larriena den zergatia: kontsumitzaileak inpotentziaz nozitzen du egoera hori, energiaren jabe enpresa handiak baitira, hots, mozkinak maximizatzea helburu duten nazioarteko kapitalak. Otsailean Arartekoak argitaratutako artikulu baten arabera, 2014. urtean 230 mila lagundik gora dira etxea tenperatura egokian mantentzeko zailtasunak dituztenak Euskadin.
Mota honetako kooperatibak garai gogorretan sortu izan dira Europan eta munduan lehendik ere: Lehen Mundu Gerraren ondoren, Alemanian, urtean 6.000 kooperatiba berri sortu ziren, 1970eko hamarkadako petrolio krisiaren ondoren beste loraldi bat izan zen, Txernobylgo istripu nuklearraren ondoren ere beste bat, eta, azkena, klima aldaketa dela-eta ari da gertatzen batez ere.
REScoop zabaltzen
Gure artean, energia berriztagarriak bultzatzeko herritarren kooperatibek arrazoi berezi batzuei ere erantzuten diete: azken urtetan konpainia elektriko nagusien eta gobernuen etika falta bistakoa gertatu da Espainian —3.400 milioi euroren auzia, egoera ekonomiko larrian dauden familiei hornidura mozketak—, gobernuak teknologia mota honi inon ikusitako trabarik latzenak jarri dizkie —sorkuntza instalazio txikiak sortzea zailduz, autokontsumorako zerga itzelak aurreikusiz, balantze garbia erregulatu gabe utziz—…
Ekimen hauek gidatzen dituzten pertsonek motibazio eta konpromiso pertsonal handia dute eta hauen inguruan, babesa ematen, konfiantzazko taldea osatzen dute: teknikari, ekologista, ekonomialari, auzo eta herri eragileak. Aurrera egiten dutenak erreferentzia eta eredu bilakatzen dira inguruko eremuetan antzeko mugimenduak sor daitezen. Arrakasta adierazgarrienetakoak Austriako Gussing herria eta Danimarkako Samso uhartea dira. Biak krisi gogorrean zeuden ekonomikoki eta demografikoki 1990eko hamarkadan, eta berriztagarrien aldeko apustua egin zuten. Egun, mundu osoan erreferentzia dira, maila teknologikoan, ekologikoan, sozialean eta ekonomikoan.
Kooperatiba hauen eratze prozesua ezin uler liteke, ordea, Europako merkatu elektrikoaren —eta gasarena ondoren— bilakaera ezagutu gabe. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, ordura arte tokian tokiko industriek modu isolatuan sorturiko argindarra pixkanaka eratuz doan sare bakar eta indartsu bilakatzen da. Energia hornidura unibertsala ziurtatzeko helburuz, sareak eta operatzaileak erakunde publikoen edo monopolioen esku bukatu zuten. 1970eko hamarkadan zentral nuklearrak martxan jartzeak joera hori indartu besterik ez zuen egin.
Europako Batasunak 1990eko hamarkadan argitaratutako zuzentarauek eragindako merkatu elektrikoaren liberalizazio prozesuak monopolio horiek haustea zuen helburu, konkurrentzia handitzeko eta honela prezioak jaisteko. Lortutakoa, ordea, sektore osoaren edo zati baten pribatizazioa izan zen.
Kooperatiba energetiko hauen aurrean, ordea, enpresa handiek Magritte taldea osatu zuten 2013an Europan, eta energia elektriko sistema tradizionalaren babesa eskatu. Talde horrek berriztagarrien inguruko hainbat mito zabaldu ditu, hedabide nagusien indarra erabiliz: iturri hauetan denontzat nahiko energia ez dagoela esanez, garestiegia omen, ez dira teknologia fidagarriak, nolabaiteko parte hartze sistemak eskainiz, lobby indartsua zorrotz erabiliz.
REScoop elkarteek gomendio/helburu hauek dituzte: kontsumo mailak jaitsi eta efizientzia bilatu. Karbono gutxiko iturri energetikoak erabili. Sare elektrikoaren efizientzia hobetu: sare banatuago eta adimenduago baten bitartez, sarearen egitura malguagoa izan.
Hori lortzeko printzipio hauei jarraitzea da bidea: denonak diren baliabideak —basoak, haizea, ura, eguzkia…— guztion esku mantendu. Ekoizpen instalazioak herritarren esku mantendu. Garraio eta banaketa sareak herritarren esku jarri eta REScoop mugimendua zabaldu.
Kooperatiba energetiko berriztagarriak: REScoop
Kooperatiba energetiko berriztagarriak: REScoop
http://www.berria.eus/paperekoa/1822/043/001/2015-09-26/kooperatiba_energetiko_berriztagarriak_rescoop.htm
Goienerrek badu bere lehen infogunea Donostian
Gipuzkoako bolondres taldeak, atzo, irailarak 3, Infogunea inauguratu zuen Emaus Fundazioaren eco-shopean (Mendaurren plaza 3).
Esperientzia arrakastatsua izan zen, sarreran jarritako afixak jendea erakarri zuen, galderak egitera animatu ziren, baita bazkide egitera ere. Laburbilduz, giro ona nagusitu zen, bertan astez-aste egon beharko duten bolondresei oraindik indar gehiago emanez.
Hirian mota hontako lehen espazioa da. Hemendik aurrera, ostegunero 17:30etatik 19:30etara Goienerrek bide berri bat izango du harremanetan jartzeko bere bazkide eta kooperatiba ezagutu nahi duten guztiekin.
Ekimen honek erantzun ematen dio espazio fisiko bat edukitzeko beharrari, non erantzungo diren gure bazkideen zalantzak; bestalde, informazio pertsonalizatua eman nahi dio gizartearen zati bati, zeina aktiboki eskatzen ari bait da gaur egungo eredu energetikoaren alternatiba bat.
Bukatzeko, eskerrak eman Emaus Fundazioari bere laguntza ezinbestekoa izan bait da Infogune hau martxan jarri ahal izateko.
Goiener Elkarteak izena eman du Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan
2015eko abuztuaren 25ean eman zuen izena GOIENER ELKARTEAk Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan.
Derrigorrezko administrazio-espediente bat besterik ez izan arren, albistea alaitasun haundiz hartu zuten Goiener Elkarteko bolondresek, zeinen eguneroko lanari esker Goiener Elkartea errealitate bat bilakatu bait da. Legezko onarpena suposatzen du, proiektu zirraragarri hau garatzen hasteko.
Hau ez da erakundea martxan jartzeko hartutako urrats bat baino. Bide burokratikoarekin batera barne antolakuntzan lan egin da: bolondresen errolda, hauen seguruak, parte-hartze, gardentasun eta zeharkakotasun haundiagoak emango dituen metodologia…
Helburu berdinak lortu nahi dituzten beste elkarteekin ere lehen hartu-emanak ezarri dira, eta horrela, urratsez urrats gure burua ezagutzera eman nahi du.
Goiener Elkartea ez da hasi besterik egin eta parte hartu nahi duten pertsona guztientzat ateak zabalik ditu; horregatik interesaturik dauden guztiak animatzen ditu kontaktuan jartzea elkartea@goiener.com helbidea erabiliz.
Goiener, Skunkfunk-en argindar suministratzaile berria
Pasa den uztailean, moda eta jantzigintzako Skunkfunk empresa Goienerren bazkide bihurtu zen. Hemendik aurrera, energia %100 berriztagarria kontsumituko dute Lezaman dituzten bulego eta almazenek osatzen dituzten 7000 metro karratuetan.
Albiste bikaina da horren marka garrantzitsuak, Goienerrekin batera, egungo energia ereduaren aldaketan laguntzea eta gure gizartearen oinarri garrantzitsu bezela jasangarritasuna bultzatzea. Horrelako keinuek ikusgarritasuna ematen diote gure herriko sektore elektrikoaren demokratizazioa eskatzen duen gizarteren zati haundi bati.
Ekimen hau sektorean zabaltzeko elkarrekin lan egiten dugu, beste empresa batzuk gehitu daitezen.
Skunfunken inguruko informazio gehiagorako bere web orria bisita dezakezu: www.skunkfunk.com.