Jadanik udaberrian gaude, eta horrek esan nahi du laster udako jaialdi eta ekitaldi bereziak ugarituko direla gure herri eta hirietan. Askotan ekitaldi horiek martxan jartzeko ezinbestekoak dira behin-behineko kontratu izenarekin ezagutzen ditugun kontratu bereziak, kontzertu, txosna eta antzeko ekitaldiak pizteko; epe jakin batean bakarrik aktibo egongo diren kontratuak izaten dira, eta horrek eragin handia izaten du kudeaketan eta epeetan.
Testu honen helburua behin behineko kontratuek epe barruan prest egoteko jarraitu behar duten kudeaketa egokia zehaztea da. Era horretan ziurtatuko dugu hornidura prest egongo dela eskatutako egunerako, eta bestetik, kudeaketa lana erraztuko dugu.
Mesedez, irakurri arretaz hurrengo puntu hauek:
• Zer egin dezakegu argia epe barruan prest izateko?
Jar zaitezte gurekin harremanetan gutxienez, 15 egun lehenago: banatzaileek 5 laneguneko epea eskatzen digute edozein alta osatzeko. Baina lehendabizi gure eskaera onartu behar dute, eta kontratu berezi hauetan erantzuna ia inoiz ez da automatikoa. Horrek esan nahi du banatzailearekiko prozesua 5 lanegun baino gehiago luzatuko dela. Puntu hau bereziki garrantzitsua da. Ez baditugu banatzailearen epeak betetzen (onarpena jaso aurreko 5 lanegunetan) ezin dugu ziurtatu hornikuntza programatutako datan prest egongo denik.
• Zein da bildu behar dugun dokumentazioa?
Alde batetik, inprimaki hau beteta bidali behar diguzue. Eta bestetik, elektrikariak prestatutako Boletina edo CIE izena duen agiri eguneratua, banatzaileak eskatuko baitigu eskaera onartzeko.
Garrantzitsua da boletinaren informazioa zuzena izatea, agiriaren sorrera data eta iraungitze data barne. Onarpenean arazorik ez egoteko, kudeaketa garaiz hasteaz aparte, asko laguntzen du hornikuntzaren datuak (besteak beste CUPS zenbakia, helbidea…) zuzenak izatea.
Datei dagokienez, kontuan hartu urtebetez azpiko kontratuak ezin direla aktibatu jaiegunetan edo asteburuan. Banatzaileak teknikari bat bidali behar du lekura, dena prest uzteko, eta hau soilik lanegunetan egiten dute. Ekitaldia jaiegunean izanez gero, alta aurreko egunean eskatu beharko dugu; baja egunarekin, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Jaieguna izanez gero, baja biharamunerako programatu behar da.
Kontuan izan ere, banatzaileak ez digula zehazten zein ordutan joango den teknikaria konexioa egitera, izan daiteke goizez edo arratsaldez. Horregatik gomendatzen dugu alta eskatzea ekitaldi hasieraren bezperarako, eta baja aldiz, ekitaldiaren biharamunerako.
Behin dokumentazioa jaso dugunean, baieztatuko dugu zuzena den eta hornikuntza kontratatzeko moduan dagoen. Ondoren kontratua sortuko dugu eta bidaliko dizuegu, sinatu ahal izateko. Kontratua sinatuta jasotzen dugunean, eskaera egingo diogu banatzaileari, CIEa bidaliz. Baiezkoa ematen digutenean hasiko da zenbatzen hornikuntza piztu bitarteko 5 laneguneko epea.