Maiatzetik aurrera, lerro berri bat topatuko duzue zuen argindarraren fakturan, “bonu sozialaren finantziazioa” kontzeptuarekin.
Jarraian finantziazio horri buruzko informazioa.
Hasteko, zer da Bonu Soziala?
Bonu Soziala argindarraren fakturako deskontu garrantzitsu bat da. Gobernuak arautua da, eta egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden familiak babestu nahi ditu.
Bonu Sozialaren deskontua eskuratzeko, nahitaezkoa da erreferentziazko merkaturatzaileek bakarrik eskaintzen duten KTBP* tarifa kontratatua izatea. Hemen duzue Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak prestatutako orria.
Beraz, askotan errepikatu dugun moduan, merkatu libreko merkaturatzaileok ezin dugu eskaini, baina finantzatu beharrean aurkitzen gara.
Zergatik gehitu dugu lerro berri hau?
Martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretua argitaratu ondoren, Bonu Soziala finantzatzeko mekanismo berri bat ezarri da argindar elektrikoaren hornikuntza-katean parte hartzen dutenek (ekoizpena, garraioa, banaketa eta merkaturatzea) eta merkatuko zuzeneko kontsumitzaileek beren gain hartuko dute. Kontsumitzaile guztiei eragingo dien aldaketa da, haien merkaturatzailea edozein dela ere.
Orain arte, Goienerrek bere gain hartu behar zuen Bonu Sozialaren zatia gehitzen genuen argindarraren prezio librearen beste elementu bat gehiago balitz bezala. Aipatutako aldaketa hauen ondoren, Bonu Sozialaren finantziazioari dagokion kostua, hornidura-puntu bakoitzari lotutako balio arautu bat gehiago izango da. Hori da kontzeptu hau zure faktura elektrikoan gehitzearen arrazoia. Fakturak gardentasunean irabazten duela iruditzen zaigu.
Zenbat izango da?
Bonu Sozialaren finantziazio-agindua argitaratu bitartean, energia elektrikoaren hornikuntza-kateko jarduerei dagozkien unitate-balioak adierazitako arauaren seigarren xedapen iragankorrean ezartzen dira. Ondorengoak dira: ekoizpen-jarduerarako, urteko 1,030790 €/MWh eta energia elektrikoa merkaturatze jarduerarako, hornidura-puntu bakoitzeko, 11,146973 € urteko. Unitateko kostua 0,03053965 € da eguneko.
Aldaketak indarrean martxoaren 31n sartu zirenez, maiatzean kargatuko ditugu hilabete horri dagokion zatia eta apirilari dagokion zenbateko osoa.
Beti bezala, talde osoa zuen esanetara dago edozein zalantza argitzeko.
KTBP: Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa.