Kaixo goienerkide,
Azken hilabetea oparoa izan da Goiener kooperatiban. Albisterik garrantzitsuenak irakurri nahi?
Martxoa, bereziki, Korrikaren hilabetea izan da. Aurtengo edizioak esanahi berezia hartu du gure kooperatiban, aurreko ekitaldietan bezala, Goiener Korrikako petoaren babesle ofizialetako bat izan baita. Ilusio ikaragarriz atera gara errepidera, «EUSKARA GARA» lemapean, gure hizkuntzaren alde egiten den ekimenik jendetsuenean parte hartzera.
Ospatzeaz ari garela, duela gutxi egin dugu aurtengo lehen Batzar Orokorra, Nafarkoop kooperatibakoa. Goienerren, sorkuntza arloari dagokionez, 2025 ekitaldian egindako guztia azaldu genuen, eta baita aurrera begira egin-asmo duguna ere. Bazkideek proposatutako puntu guztiak onartu zituzten. Hemen duzue egunaren bideo-laburpena:
Egunotan, bazkideoi deialdi berezi bat eginez, zure bizilagunen komunitatearen argindar kontratua Goienerrera ekartzeko kanpaina berri bati ekin diogu. Dagoeneko 300 etxebizita-komunitatek baino gehiagok dute argindar kontratua Goienerrekin, eta zurea izan liteke hurrengoa, dirua aurreztuz, gainera. Egungo faktura eskatu eta guri bidali, ez duzu besterik egin behar. Gu arduratuko gara eskaintza on bat egiteaz!
Lehen aipatutakoez gain, baditugu ospatzeko motibo on gehiago ere. Izan ere, duela gutxi saritu gaituzte Madrilen, Funteso Fundazioak antolaturiko II. Teknologia Soziala lehiaketan, “Energia herritarra eta Kooperatibismoa” mailan.
Goienerren eta bazkide guztien izenean, Erika Martinez Lizarraga lehendakariak eta Maria Arretxe Agirre koordinatzaile nagusiak jaso zuten saria.
Ospakizunetarako tarte handirik gabe, ordea, nazioarteko testuinguruak adi eta atezuan egotera behartzen gaitu, Ekialde Hurbileko krisiaren eraginez, merkatu elektrikoa etengabeko tentsio egoeran baitago. Inoiz baino gehiago, gardentasuna eta informazio eguneratua zor dizkizuegu, eta horren emaitza da berriki argitaratu dugun artikulua, krisiak gure fakturan zer eragin duen azaltzen duguna.
Etxean, energia komunitateei sortu eta lehen pausoak ematen laguntzeko lanekin jarraitzen dugu, esaterako, Igeldon, Astigarragan eta Orion. Zalantzarik gabe, argitxoz betetzen jarraitzen du gure energia komunitateen mapak!
Energia modu kolektiboan partekatzeko Auzoargi ekimena pixkanaka ari da aurrera egiten. Gertuko energia erraz kontsumitzeko modu honen lehen instalazioa jadanik egina dugu Lazkaon, eta legeztatze prozesuan dago. Bestalde, Eibar eta Elgoibarko hurrengo instalazioak aurkeztu genituen hitzaldian oso erantzun ona jaso genuen.
Eta amaitzeko, gomendio berezi bat. Tartetxo bat hartu eta “Argia berreskuratu. Energia-sarbiderako borroka kolektiboak” izeneko dokumentala ikustea aholkatzen dizugu. Ez zara damutuko!
Gure aldetik besterik ez. Datorren hilabetera arte.
Zaindu.









































































