Izangaientzako gida
Sarrera
Goienerrek gonbit egiten die interesa duten pertsonei POWERPOOR proiektuko formakuntzetan parte hartzera eta Energia-Laguntzaile nahiz Energia-Aholkulari ziurtagiria eskuratzera. (Izena emateko esteka orriaren amaieran topatuko duzu).
POWERPOOR 3 urteko proiektu bat da, Horizon 2020 programaren baitan sortua. 2020ko irailean hasi zen, eta helburutzat du pobrezia energetikoa murriztea, baliabide energetiko urriko herritarrei efizientzia energetikoa hobetzeko esku-hartzeak aplikatzen laguntzeko bidea irekiz eta energia-ekimen bateratuetan parte hartuz, berariaz garatutako laguntza-programen eta IKT arloko tresnen bidez. Proiektuak xedetzat du, esperientzia eta ezagutza partekatuz, herritarrei laguntza ematea energia erabiltzeko modua alda dezaten eta efizientzia energetikoa hobetzeko neurriak har ditzaten. POWERPOORek komunitate energetikoak sortzeko proiektuak edo finantziazio-bide alternatiboak sustatuko ditu, eta herritarrei finantziazio-aukerak lortzen lagunduko die (esaterako, komunitate energetikoak, kooperatiba energetikoak eta crowdfundinga). Proiektu honek Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantziazioa jaso du (dirulaguntza-hitzarmena: 890437).
POWERPOORen bidez, emaitza hauek espero ditugu:
- Pobrezia energetikoari aurre egiteko 8 laguntza programa diseinatu, garatu eta aplikatuko dira Europako 8 herrialde pilotutan (Bulgarian, Kroazian, Estonian, Grezian, Hungarian, Letonian, Portugalen eta Espainian), baliabide energetiko urriko familientzat egokituta
- 1.100 Energia-Laguntzaile eta Energia-Aholkulari egiaztatu, pobrezia energetikoa murrizteko laguntza programen buru izango direnak,
- 8 Lankidetza Talde eta 15 Pobrezia Energetikoaren Tokiko Bulego, pobrezia energetikoari aurre egiteko erreferente gisa lan egingo dutenak.
- Guztira, Europako 60 hirik, 5 eskualdek eta 2 kooperatiba energetikok babestuko dituzte POWERPOORen programa pilotuak, eta programa horietan, 7 milioi herritar eta 2,8 milioi familia egongo dira, horietatik % 30 pobrezia energetikoko egoeran.
- Pobrezia energetikoa murrizteko programen bidez, baliabide energetiko urriko 22.000 familiak hartuko dute parte proiektuan, eta herritarrak egongo dira irtenbidearen erdigunean: pixkanaka baliabide energetiko urriko herritar izatetik kontsumitzaile informatu izatera pasatuko dira, eta gero, kontsumitzaile aktibo edo prosumitzaile izatera.
- Estatu mailako 8 bide-orri eta Europar Batasunerako politika-gomendio bat egingo dira, maila anitzeko lankidetza lortzeko eta pobrezia energetikoa eraginkortasunez arintzeko; Europar Batasuneko 3 sarek bultzatuko dute erreplikagarritasuna.
Proiektuari buruzko informazio gehiago: powerpoor.eu edo gure web orrian.
Goienerrek, proiektuaren tokiko kide gisa, pobrezia energetikoa murrizteko programa bat garatuko du programa pilotuaren inplementazio fasean, Energia-Laguntzaileekin eta Energia-Aholkulariekin elkarlanean.
Zer da pobrezia energetikoa?
Pobrezia energetikoko egoeran dauden herritartzat hartzen dira beren etxea neguan behar bezain bero eta/edo udan behar bezain eroso mantendu ezin duten pertsonak; gerta daiteke kalitate txarreko etxeetan bizitzea (esaterako, leiho-marko ustelak, horma/zimendu hezeak eta/edo teilatuan itoginak dituzten etxeetan) eta beren energia-fakturak garaiz ordaindu ezin izatea.
Zer eginkizun dute Energia-Laguntzaileek?
Laguntzaileek baliabide energetiko urriko herritarrekin jardungo dute eta jokabide energetikoak aldatzeko aholkuak emango dizkiete. Efizientzia energetikoa lortzeko esku-hartzeak planifikatzen, aplikatzen eta finantziazioa lortzen lagunduko diete baliabide energetiko urriko herritarrei. Laguntzaileek babesa emango diete familiei, laguntza zuzena eman eta etxez etxeko bisitak egingo dituzte. Laguntzaileek kostu txikiko hobekuntzak aplikatzeari buruzko aholkuak emango dituzte, neurri horiek onargarriagoak baitira baliabide energetiko urriko herritarrentzat, nahiz eta beste neurri batzuk ere proposatuko dituzten, eta horrez gain, finantziazio-aukeren berri emango dute.
…eta Energia-Komunitate Aholkulariek?
Aholkulariek laguntza eta esperientzia eskainiko dute komunitate edo kooperatiba energetikoak kudeatzearekin eta/edo sortzearekin lotuta. Aholkularien eginkizunak ardatz hauek ditu: komunitatearekin harremanetan egotea, finantziazio-plan berritzaileei buruz informatzea eta pobrezia energetikoari aurre egiteko bulegoei laguntza ematea.
Laguntzaileek eta Aholkulariek, beren jardunerako, tokiko erakundeek kudeatzen dituzten pobrezia energetikoari aurre egiteko bulegoen laguntza jasoko dute.
Irizpideak
Ikasketak (unibertsitate-mailakoak edo lanbide-heziketaren mailakoak) eta lan-esperientzia izatea hobesten da, baina ez da beharrezkoa izango.
Lagungarri diren aurretiko ezagutzak:
- Elektroteknika.
- Ingeniaritza mekanikoa.
- Ingeniaritza zibila.
- Arkitektura.
- Gizarte-laguntzako ikasketak.
- Beste batzuk (hirigintza-planifikatzaileak, geografoak, ekonomialariak…).
Nor bilatzen dugu?
- Tokiko eta eskualdeko administrazioetako langileak.
- Abian dauden kooperatiba energetikoetako kideak diren pertsonak.
- Gizarte-langileak.
- Hezitzaileak.
- Osasun-arloko profesionalak.
- Tokiko aholkulariak.
- Energia jasangarriaren arloko profesionalak eta ekintzaileak.
- Unibertsitateko gradudunak eta ikasleak.
- Gizarte zibileko erakundeak.
- Erretirodunak edota langabetuak.
- Etxejabeak.
- Pobrezia energetikoa arintzeko arloan prestakuntza jaso nahi duen edonor.
Laguntzaile edo Aholkulari bilakatzearen onurak
Partaideek hainbat onura lortuko dituzte POWERPOOR en Laguntzaile/Aholkulari modura parte hartuta, adibidez:
Onura orokorrak
- Jendeari bere bizi-baldintzak hobetzen laguntzea.
- Ongi egituratutako ikaskuntza-prozesu batean parte hartzea (teoria eta praktika).
- Prestakuntza jasotzea pobrezia energetikoa arintzeko, efizientzia hobetzeko eta komunitate/kooperatiba energetikoetan parte hartzeko.
- Norberaren garapena sustatzea, landa-lanerako beharrezkoa baita pertsonarteko gaitasunak eta komunikazio-gaitasunak hobetzea.
- Ziurtagiria eskuratzea.
- Sare-lana.
- Europar Batasun osoko Aholkularien eta Laguntzaileen sare zabalaren kide bilakatzea.
- Aditu eta profesional ezagunekin lankidetzan/elkarrekintzan jardutea.
Onura profesionalak
- Arlo horretan gaitasunak erakutsi ahal izatea.
- Curriculuma eta sinesgarritasun profesionala hobetzea.
- Lan-esperientzia eskuratzea, bereziki baliagarria dena lan-merkatura iritsi berri direnentzat.
- Etengabe ikastea eta profesionalki garatzea.
- Lan-aukera gehiago izatea.
Laguntzaileen eta Aholkularien betebeharrak
Formakuntza-prozesua burutu ondoren, izangai bakoitzak konpromisoa hartuko du jarduera jakin batzuk egiteko, bere laguntzaile- edo aholkulari-eginkizunak betetzearren. Honakoa da Laguntzaile/Aholkulariengandik espero dena:
- Baliabide energetiko urriko herritarrei laguntza ematea, proiektuak irauten duen bitartean eta gerora ere, hobeto uler dezaten energia nola erabiltzen duten, efizientzia energetikoa hobetu dezaten eta komunitate/kooperatiba energetikoetan parte har dezaten;
- Online laguntza ematea online plataformaren bidez, proiektuak irauten duen bitartean eta gerora ere (hilean 1-5 aldiz);
- Etxez etxeko bisitak egitea, laguntza zuzena emateko batez ere baliabide energetiko urriko herritarrei;
- Proiektuko koordinatzaileak informatuta mantentzea, emandako laguntzen inguruan (etxebizitzaren egoera, proposatutako hobekuntzak…);
- Ekimen kolektiboei buruzko aurkerak aurkeztea, batez ere herritar zaurgarriei, eta laguntza ematea gaiaren inguruan;
- Modu aktiboan lagunduko du Laguntzaile/Aholkulari berrien prestakuntzan, sarearen iraunkortasuna eta etengabeko hazkuntza bermatzeko.
Formakuntzaren ostean, partaideek azterketa bat egin beharko dute Laguntzaile edo Aholkulari bilakatzeko. Partaideek aukera izango dute ekarpenak egiteko; hartara, prestakuntza-saioak etengabe hobetu ahalko dira. Azterketa gainditzen dutenek Laguntzaile-/Aholkulari-ziurtagiria jasoko dute.
Eskabidea egiteko urratsak
Pobrezia energetikoari aurre egiteko Laguntzaile edo Aholkulari bilakatu nahi baduzu, bete online formulario labur hau.
Kontsultatu hemen formakuntzen edukia.