Ez da albistea GoiEner urratsez urrats jendartearen esparru askotara heltzen ari dela esatea. 2800etik gora bazkidek, enpresa txikiek eta ez horren txikiek GoiEnerrengan jarri duten konfiantzak, administrazioarekin izandako elkarrizketak eta sinatutako hitzarmenek, zenbait udalekiko bideratutako elkarlanak eta hainbat sindikaturekin, erakunderekin eta elkarterekin hasitako bide emankorrak hala bistaratzen digute.
Hala ere, etengabeko lan horren beste emaitza txiki bat ekarri nahi izan dugu sail honetara.
Basauriko Lehendakari Agirre kaleko 66ko komunitatea da GoiEnerren eskutik %100 jatorri berriztagarrietatik datorren elektrizitatea kontsumituko duen lehenengo auzokide komunitatea. Hori dela eta atari horretako auzokide eta GoiEnerreko bazkide eta boluntario Jon Aranberrirekin eta Marcal asesores atariko administratzailearekin hitz egin dugu.
Daniel Molinuevok azaldu digu Marcal etxalde administrazioa 2007an sortu zela Madrilen eta delegazio asko dituela estatu osoan, Euskal herrian Basaurikoaz gain, Hernanin ere badute delegazioa.
Haren ustez gardentasuna da euren ezaugarrietako bat, txosten ekonomikoak, jazoerak, deialdiak, aktak eta abar web orriaren bidez eta bileretan ikus daitezke. Auzoko jabedunekiko hartu emana ere hurbilagoa nahi dute haien kezkei eta interesei erantzutearren, Txosten ekonomikoak hilero eta hiru edo lau hilabetean behin aurkezten dituzte. Azken batean XXI mendeko kudeaketa egin nahi dutela esan digu Danielek.
Enpresa multinazional batetik dator eta ondo ezagutzen ditu. Argi dauka multinazionalek ematen duten irudia eta aurrera eramaten duten marketina ez datozela bat eguneroko lanaren errealitatearekin. Alternatiba garbiak bilatu behar dira eta herritarrok izan behar dugu lehenengo aurrera pausua ematen dugunak. Multinazionalek hori badakite eta marketina erabiltzen dute baina euren ekoizpena eta euren helburuak betetzeko erabiltzen duten energia lehengo betikoa da.
Jon Aranberri, berriz, aldaketa soziala aspalditik bilatzen duen ekintzailea da. Hainbat mugimendutan eta borroketan zaildutako herritarra bai lan gatazketan bai ingurugiroaren defentsan Sagarrak talde ekologistako kide bezala. GoiEner ezagutu zuenetik bere alea emateko prest boluntario bezala lanean dabil eredu energetikoa aldatu nahian gerora aldaketa soziala eragiteko. Era berean, gardentasuna eta hurbiltasuna GoiEnerren egitekoaren gakoak direla uste du.
Hemendik aitortu eta zoriondu nahi dugu boluntarioen lan eskerga. Hura gabe ekimen honek ez bailuke aurrerabiderik.
Eskerrik asko.