Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa. GoiEner-en xedea herritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea da, honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.
GoiEner-ek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du egun sektore elektrikoan liberalizatuta dauden esparruetan sartuz: merkaturatzea (energia erosketa) eta sorkuntza.
Garraioa (REEren eskuetan diren goi-tentsioko azpiegiturak) eta banaketa (tentsio ertain eta behe-tentsioko azpiegiturak, konpainia handien kontrolpean direnak) oraindik erregulatuak daude.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, elektrizitate berdea merkaturatuz lorturiko etekinak kooperatibara itzuliko dira berriz, eta bazkideek erabakiko dute batzarretan zertara bideratu diru horiek.
Era berean, bazkideek sorkuntza berriztagarriko egitasmoetan inbertitu ahal izango dute, kooperatibak berak kontsumituko lukeelarik ekoizpen hori.
Azken helburua kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.