Azken hilabeteetako gertaerek -ekainetik aurrerakoek, zehazki- kooperatibari eragin diote, eta hori dela medio, oraingo honetan gure finantza-egoera indartzeko laguntza eske idazten dizuegu.
Arazoa, zehazki, gure diruzaintzarekin lotuta dago, eta merkatu elektrikoan gure jarduera egin ahal izateko hainbat erakunderi aurreratu behar diogun diru-kopuruarekin. Egoera honetara ekarri gaituzten arrazoiak askotarikoak dira:
- Dakizuenez, argindarraren prezioak izugarri igo dira hilabete batzuetatik hona (maiatza 67 €/MWh – iraila 156 €/MWh). Honen atzean dauden arrazoiei buruzko informazioa eta gaiaren inguruko gure irakurketa hemerotekan aurkituko duzue.
- Merkatu elektrikoan berme mekanismo bat ezarrita dago, bertako partaideok erabiliko dugun energia guztia ordaintzeko diru aski dugula ziurtatzeko. Prezioen gorakada dela eta, likidazioez gain, eskudirutan jarri beharreko berme hauek ere izugarri handitu dira (maiatzean 400k € eskatzen ziguten, orain berriz 1,1M€).
- Azkenik, ekainaz geroztik bazkide gehienen fakturetan %10eko BEZa aplikatzen ari gara (Gobernuak hala ezarrita), baina erosketa %21eko BEZarekin egiten jarraitzen dugu. Ogasunei BEZ hori itzultzeko eskatzen ari gatzaie, baina bueltatzeko 6 hilabeteko epea dute.
Gertakari hauek guztiak hain izan dira azkarrak, ezen aparteko desorekak sortu baitituzte epe laburreko diruzaintzan. Alde batetik, ordainketak bat-batean handitu besterik ez dira egin (likidazioak asterokoak dira). Bestetik, kobrantzak denboran atzeratzen ari zaizkigu (Ogasunen kasuan bezala). Hortaz, diru kopuru handia aurreratzen ari gara kobrantzen bidez berreskuratu aurretik. Jakina, arazo hau konpontzeko lanean gabiltza eta zenbait neurri martxan ditugu, baina denbora behar dute eta hein batean hirugarrenen mende daude.
Gogorarazi nahi dizuegu GOIENER jaio zenean (2012), bi hilean behin fakturatzen zela argindarra, eta hasierako ideia etxeko hornidurei zerbitzua ematea zela. Horregatik egin behar da 100 euroko ekarpena kooperatibako bazkide izateko eta gure jarduerak finantzatzeko.
8 urte hauetan modu organikoan hazi gara, hastapenetatik ezarritako ereduaren arabera. Hala ere, hiru hilabeteren buruan abiada bizian aldatu dira joko-arauak, eta baliabide pribilegiatua den kapital soziala indartzeko beharrean ikusi gara, kanpoko ezein agenterekiko independentzia finantzarioari eusteko.
Egoera larria eta presazkoa denez, eta Kontseilu Errektorea uneoro gaituta dagoenez kapital ekarpenak onartzeko, bazkide guztiei borondatezko ekarpenak egiteko deia luzatzea erabaki da.
Gutxienekoa 50 eurokoa izanen da eta ez da gehieneko mugarik ezarri. Horrela, bi helburu betetzen ditugu: batetik, oso epe laburrean likidezia lortzea, eta bestetik, proiektu gisa sendotu eta indarrak hartzea. Bi mugarri ezarri ditugu:
- 300.000 euro jasotzea urriaren 31rako.
- Milioi bat euro biltzea urte bukaera bitarte. Azkar eta arin ibili behar dugu eta epe hauek horren isla dira.
Kapitalari borondatezko ekarpenak direnez, honakoa jakin beharra dago:
- Gaur egun, Batzar Nagusian erabakitakoaren arabera, ekarpen horien ordainsaria %0koa da.
- Ekarpenaren itzulketa eskatu daiteke, beharrezkoa edo egoki ikusten den unean.
- Itzulketa egiteko epea Kontseilu Errektoreak une bakoitzean hartutako erabakiaren araberakoa da, kapital hori beste jatorri batekin ordezkatzeko aukera baloratu behar baitu. Nolanahi ere, bazkideei itzulketarako epe finko bat emango zaie beti.
Lasaitasun mezua helarazi nahi dizuegu baita ere. Urteko emaitzen kontua aurreikuspenen araberakoa izaten segitzen du. Hau da, kooperatibaren bilakaerak ona izaten jarraitzen du, eta araudi aldaketak eta merkatuko egoera koiunturalak baldintzatuta dator likidezia egoera.
Energia-sektorean garai konplexuak eta aldi berean zirraragarriak dira; ziurgabetasun garaiak, eta aukerak baliatzekoak. Informazio-buletinetan eta Batzar Nagusian, gauzatzen ari garen proiektuen -eta oraindik egiteke dugunaren- berri ematen dizuegu.
Kooperatibistak garenez, gure esku dago balantza alde positiborantz makurtzea.
Duela urtebete, talde-izaera, konfiantza eta elkartasun kolektiboa baliatu genuen, eta horrek ahalbidetu zigun ordainketetan erraztasunak ematea eta kooperatibaren barruan argi mozketak ekiditea. Hori dela eta, handitze honetan parte hartuz gero (bakoitzak ahal duen neurrian eta beti ere bere borondatez), sinetsita gaude oso indartuta eta, batez ere, elkartuta aterako garela.
Korporazio handien gehiegikeriei aurre egiteko eta pertsonak ahalduntzeko sortu zen Goiener, eta hortxe dago, hain zuzen ere, bizi dugun egoeraren erantzukizuna. Froga dezagun (beste behin ere) kooperatiben balioetatik aurre egiteko gai den alternatiba sendo bat eraiki dugula. Erantzun azkarra eta irmoa behar dugu; zenbat eta lehenago, orduan eta hobe.
Badakigu helarazi dizuegun eskaera konplexua dela. Mezuaren gorputza gehiegi ez luzatzeko, gaiaren arabera taldekatutako esteka batzuk prestatu ditugu.
- Borondatezko ekarpenak (zer diren, zer inplikatzen duten, non dauden jasota, zergatik kopuru horiek, helburuen lorpena…).
- Nola egin ekarpenak? (azalpena) edo esteka honetatik zuzenean erabakia hartua baduzu.
- Kooperatibaren bilakaerari buruzko zenbait datu.
- Egungo diruzaintzako estresa arintzeko eta etorkizunean antzeko egoerei aurrea hartzeko abian jarritako neurriak.
Gainera, informazio-bilerak egingo ditugu formatu birtualean ostiral honetan, 17:30ean, eta larunbatean, 11:00etan. Parte hartu nahi baduzu ‘sakatu hemen’.
Lantalde osoa zuen esanetara dago. Loturetan jasotako informazioa lasai irakurtzeko eskatzen dizuegu. Zalantzak argitzeko, borondatezko_ekarpenak@goiener.com helbidera idatzi, 943.299.009 telefonora deitu edo bulegoetara etorri (ahal delarik, hobe aldez aurretik hitzordua eskatuta).
Zure ekarpena zuzenean egin nahi baduzu, sakatu hemen:
Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizugu kooperatiban parte hartzeagatik, eta 2020ko unerik zailenetan elkartu gintuen leloarekin agurtzen zaitugu: Elkarrekin abantean!
Oharra: zure bazkide zenbakia faktura batean kontsulta dezakezu edo 943.299.009 telefono zenbakira deituz.