2026ko laugarren hiruhilekorako prezioen eguneraketa
— Zein erreferentzia hartzen ditugu kontuan gure prezioak finkatzeko?
Goiener Finkoa tarifaren kasuan, beharrezkoa izaten dugu hurrengo hilabeteetan energia erosteko kostuak kalkulatzea.
Energia erosterakoan gure gain hartzen ditugun kostuak honako hauek dira Goienerren:
- Merkatu elektrikoaren prezioa. Azken prezioan honek eragiten du gehien eta prezio hori kalkulatzean hartzen den arriskua gutxitzeko, energiaren zati bat erosten dugu merkatuetan epeka edo zuzenean ekoizleren bati.
- Sistema elektrikoa doitzeko zerbitzuen prezioa. Zerbitzu honek une oro eusten dio sistema elektrikoan argindar-eskariaren eta ekoizpenaren arteko orekari.
- Araututako kontzeptuen kostuak. Ordainsariak, karguak, ordainketak, etab.
- Jatorri Berme Ziurtagirien (JBZ) prezioa. Berme hauei esker ziurtatzen dugu hornitzen dugun energia % 100 berriztagarria dela.
Horniduraren azken prezioa zehazteko kalkulu honi, Goienerren marjina komertziala gehitzen diogu.
— Zein da energia erosteko kostuaren joera gaur egun?
Udako hilabeteetan, merkatuko prezioaren igoera eragiten duten hainbat faktore ematen dira:
- Tenperatura altuen ondorioz, hilabete horietan, urte osoko argindar eskari handienak izaten dira penintsulan. Eskariak gora egiten duenean, merkatuko prezioak ere gora egiten du.
- Energia hidroelektrikoaren ekoizpena murriztu egiten da, eta, honek, mix energetikoan ziklo konbinatu garestiagoen presentzia handitzea eragiten du.
Aurten, gainera, Ekialde Hurbileko tentsio geopolitikoek eragin nabarmena izan dute azken hilabeteetan. Ormuzko itsasartea kritikoa da, bertatik pasatzen baitira munduko petrolioaren %20 inguru eta gas merkatuaren zati handi bat. Hori dela eta, bertan trafikoa eteteak, munduko energia merkatuentzat arrisku handia dakar. Oraintxe bertan, gas-erreserbak dira Europako gasa eta argindar prezioak gora egitearen arrazoi nagusietako bat. Izan ere, gaur egun, Europar Batasuneko gas-biltegiak bere edukieraren % 63 inguruan daude, eta garai hauetarako % 80 inguruan egon ohi dira.
Oraingoz ez dago berehalako hornidura-arazorik, baina kezka da Europa ohikoa baino segurtasun-koltxoi gutxiagorekin iritsiko dela udaren amaierara. Denbora gutxi geratzen da biltegiak negua iritsi aurretik betetzeko. Erreserben inguruko kezka hori gasaren gaineko arrisku-prima gisa funtzionatzen ari da, eta prima hori dagoeneko argindarraren prezioari eragiten ari zaio. Espainian, batez ere arratsalde-gau partean nabaritzen ari da eragina: ordu horietan eguzki-produkzioa jaisten da, eta argindarra sortzeko gas bidezko ziklo konbinatuen produkzioa erabakigarri bihurtzen da.
Bestalde, 2025eko apirilaren 28ko itzalaldiaren ondoren, doitze zerbitzuen prezioak nabarmen igo ziren, REE sareak egonkortasun handiagoa izateko modu indartuan funtzionatzen ari delako. Aurtengo otsailean eta martxoan izandako gorakaden ondoren prezio hauek apur bat jaitsi dira (kontuan izan, otsailean eguneko merkatuko prezioa baino altuagoak izatera iritsi zirela). Jaitsigatik ere, ohi baino altuagoak izaten jarraitzen dute (2024koen bikoitzak).
Grafiko honetan ikus daitezke Goienerren gure gain hartzen ditugun eta argindar-horniduraren prezioari eragiten dioten kostu aldakorren bilakaera (ez daude sartuak kontzeptu arautuak eta merkaturatzailearen marjina):
— Zer espero da 2026ko laugarren hiruhilekorako?
Datozen hilabeteetarako prezio altuagoak espero dira, batez ere azaro eta abenduan, energia eskaria handitu eta eguzki energiaren ekoizpena murrizten delako.
Prezioen igoeraren arrazoia tenperaturen jaitsiera da; honek berokuntza-ekipoen argindar eskaria handitzea eragiten baitu. Gainera, egun horietan argi-orduak gutxitu egiten dira eta, ondorioz, eguzki-energiaren ekoizpena ere murriztu egiten da. Beraz, beste teknologia garestiago batzuk erabili behar izaten dira argindarra sortzeko.
Udazken garaiko aipatutako baldintzei gainera mundu mailako egungo ziurgabetasun egoera gehitu behar zaie (Ekialde Hurbila eta Ormuzko itsasarteko arriskua, nagusiki). Hori ikusita, urteko azken hiruhilekoan argindarraren merkatua oso gorabeheratsua izatea espero dugu. Hau da: energia berriztagarri gutxien dagoen orduetan, prezioak ikaragarri garestitzeko arriskua egongo da; bereziki, hilabete hotzenetako arratsalde eta gauetan.
Denbora tarte honen prezioa finkatzeko orduan, Goienerrek dagoeneko erosita duen energia hartzen du kontuan, bai ekoizleekin egindako kontratuen bidez, baita epekako merkatuen bidez ere. Dena den, azken asteotan gasaren prezioak goranzko joera nabarmena izan duenez, laugarren hiruhilekorako energiaren erosketa-kostuak asko garestitu dira. Gauzak horrela, epe horretarako hornidura-prezioa igotzera behartuta gaude. Hain egoera ziurgabe eta gorabeheratsuan, ezinbestekoa dugu merkatuko kostu berrietara egokitzea, aurrera begira hornidura egonkor bermatu nahi badugu.
Autokontsumoaren soberakinen konpentsazioaren preziori dagokionez, igo egingo da, ekoizpen fotovoltaikoaren eskaintza murriztearen ondorioz eguzki-orduen prezioak gora egitea aurreikusten baitugu.
Aurreko komunikazioak:
2026ko hirugarren hiruhilekorako prezioen eguneraketa
2026ko lehengo hiruhilekorako prezioen eguneraketa
2025eko laugarren hiruhilekorako prezioen eguneraketa
2025eko hirugarren hiruhilekorako prezioen eguneraketa
2025eko bigarren hiruhilekorako prezioen eguneraketa
































































