
Iraupena: 2022/11/1 – 2025/10/31
Dirulaguntza-hitzarmenaren zenbaki identifikatzailea: 101077474
Proiektuaren arduraduna Goienerren: Josu Naveda Sáenz de Ugarte
Deskribapena eta helburuak
ACCE (Access to Capital for Community Energy) proiektuak europar energia-kooperatibetako finantzaketa kolektiboko tresnak garatzea eta daudenak zabaltzea du helburu. Energia-komunitateentzako finantziazio-eskema berritzaileak garatzeko balioko du proiektuak, kooperatiba-mugimenduaren adibideetatik abiatuta. Hauek dira proiektuaren helburu nagusiak:
- Energia-komunitateentzako bost finantziazio-eskema (CEFS, ingelesezko siglen arabera) sortzea, bost herrialde ezberdinetan eskualde zein nazio mailan.
- Herbehereetan eta Frantzian dauden bi CEFS-ak hedatzea (helmenean eta kapitalean).
- Sortutako CEFS nazionalak Europar Batasuneko kapital eta funtsetara iristeko bitartekari europar bat sortzea.
- CEFSen bidezko 90 milioi euroko herri-inbertsioa erakartzea.
Sortutako tresnek proiektuen aztertze-fasea zein horien ejekuzioa finantzatuko dituzte (=inbertsioa). Proiektu kolektiboak gauzatu eta finantzatzeko bidea sinplifikatuko da, oztopo administratiboak kenduz eta arriskuak murriztuz. Beraz, bide segurua, jasangarria eta guztiontzat ibiltzeko modukoa izango da. Horregatik erabiltzen da “bizi-pista”-ren metafora, Herbehereetan eta Belgikan oso ezaguna den kontzeptua baliatuz: autobidea, baina bizikletentzat. Gure proiektuak “energia berriztagarrietako proiektuentzako bizi-pista” bat sortu nahi du.
Komunitate-Energia Finantzatzeko Eskema (CEFS, ingelesez) energia-trantsizioko komunitate-proiektuak (energia jasangarria, mugikortasuna, eraginkortasuna…) babesten dituen finantziazio-tresna da, komunitateak bere kabuz gainditu ezin dituen finantza-oztopoak gainditu ditzan. Proiektu horien helburu nagusia da komunitateari ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak ematea, finantza-onurez haratago.
Adibidez, Frantzian, Energie Partagée kooperatibak komunitate energia-proiektuetan inbertitzeko funts bat kudeatzen du. Funts horrek herritarren aurrezkia jasotzen du energia berriztagarrien proiektuetan (eguzki-panelak, turbina eolikoak, biogasa eta energia hidroelektrikoa) inbertitzeko, erakunde publikoekin eta sektore pribatuarekin batera.
Goienerren rola
Frantzian, Herbehereetan eta Erresuma Batuan dauden CEFSen esperientziatik ikasiko duten 5 kooperatiba energetikoetako bat da Goiener. Finantzazio-eskema hauek gure herrialdean duten egokigarritasuna aztertuko dugu, eta eskualdeko zein nazioko beharrei erantzuteko beharrezkoak diren egokitzapenak identifikatuko ditugu, dauden aukerak erabiliz: eskualdeko eta nazioko politikak eta haien laguntza-programak. Gure inguruko eragileak mobilizatuko ditugu (administrazio publikoak, finantza- eta kreditu-erakundeak, GoiEner eta Nafarkoop-en sozietate-masa, laguntzen ari garen tokiko energia-komunitateak, berriztagarrien federazioak, etab.), bidezko energia-trantsizio integratzaile baterako finantziazio-bide bat ezartzeko.
Goienerren hurrengo helburuak lortzen lagunduko diguten tresnak sortzeko aukera bezala ikusten dugu proiektu hau:
- Gure sorkuntza-proiektuak (fotovoltaikoa, eolikoa, hidroelektrikoa…), eraginkortasun energetikoa (adibidez, bero-sareetan) eta aurrezkia (etxebizitzen birgaitze energetikoa) finantzatzea.
- Hasierako finantziazio-faseetan dauden energia berriztagarrien komunitate berriei laguntzea.
- Energia berriztagarrien komunitateei egin nahi dituzten proiektuen finantza-arloan laguntzea.
Gure ustez, horrek guztiak herritarren parte-hartzea duten energia berriztagarrien komunitateen ekosistema aberastu egingo luke, eta Goienerrek hainbat eratara baliatu litzake horrek ekarritako onurak (sorkuntza propioa, tokiko ekoizleekiko PPA-k, aholkularitzagatiko diru-sarrerak, etab.).
Baliabideak
Lehenengo fasean, ACCE proiektuaren bidez, Komunitate-Energia Finantzatzeko Eskemen (Community Energy Financing Schemes, CEFS) egungo egoera deskribatu nahi da, eta oinarrizko kontzeptuen interpretazio komuna egin.
Testuinguru horretan, datu-base honek Europan dauden CEFSak bildu eta sailkatu nahi ditu, eta proiektuaren partzuergoari aukera ematen dio helburuko herrialdeetan energia komunitarioaren finantziazioaren garapenaren egoera ebaluatzeko. Proiektuaren gainerako zatirako ere balioko du, eta partzuergoak proiektuaren aurrerabidea neurtuko du lehen etapa honetan lortutako emaitzekiko.
Oro har, ikerketa honek agerian uzten du Europa osoan ez dagoela finantziazio-plan egokirik ez eta esparru-baldintza egokirik ere; beraz, ACCE bezalako proiektuen garrantzia berresten du.
Lehenengo entregagaian egindako lanarekin jarraituz, zeinetan Europa osoan dauden CEFSen zerrenda identifikatu eta aztertu genuen, bigarren txosten honek existitzen diren finantziazio-eskemen arrakasta-faktoreak eta aurkitutako oztopoak isolatzea du helburu.
Ezagutu itzazu ACCE proiektuaren erronkak eta helburuak podcast berri honetan. Entzun eta gozatu!
1. atala. Sarrera.
Deskargatu hemen energia-komunitatea finantzatzeko ACCE gida (Inglesez). Bertan laburbiltzen dira energia-komunitate bat finantzatzeko herritarrek eman beharreko funtsezko urratsak. Gida hau ACCEko bazkideen esperientzietan oinarritua dago, eta pauso bakoitzerako aholku eta adibide adierazgarri baliotsuak eskaintzen ditu.Edo nahiago baduzu, kontsultatu hemen Autogestiorako Gidaren laburpena (Ingelesez).
ACCE proiektuaren aurkezpen bideoa; bertan aurkituko dituzu laburbilduta ACCE proiektu europarrak dituen funtsezko edukiak eta helburuak. Ikusi bideoa:
Albisteak
Proiektu honi buruz gehiago jakin edo informazioa jaso nahi baduzu, bisita ezazu proiektuaren web orria zein ACCE podkast saila, eta jarraitu Twitter, Facebook edo LinkedIn; bestela, eman zenezake zure izena proiektuaren buletinean ere. Horrela, proiektu honi eta antzeko beste batzuei buruzko informazio interesgarri gehiago iritsiko zaizu (ingelesez). Edonola ere, gure ohiko buletinean proiektuaren aurrerapenei eta emaitzei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu.
Proiektu honek Europar Batasunaren Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntzako programaren finantzaketa jaso du, 101077474 zk.ko finantzaketa-akordioaren pean.

