
Iraupena: 2018/04/1-2023/03/31
Dirulaguntza-hitzarmenaren zenbaki identifikatzailea: 764042
Proiektuaren arduraduna Goienerren: Santi Ochoa de Eribe
Deskribapena eta helburuak
CHESTER proiektuaren helburu nagusia hainbat energia-iturri berriztagarriren bidez sortutako energia kudeatu, biltegiratu eta hornitzea ahalbidetuko duen sistema berritzaile bat garatu eta balioestea da, hartara sektore elektrikoa eta termikoa uztartuz. Hiru osagai berritzailez osaturiko sistema bat da, elektrizitatea bero bihurtu, biltegiratu, eta gerora berriro ere elektrizitate bihurtzen duena. CHEST izeneko sistema hori bero-sare adimentsu batekin (Smart District Heating ingelesez, Eskualde-Berokuntza Adimentsua euskaraz) konektatuko da; ondorioz, energia berriztagarria kudeatzeko sistema oso malgu eta adimentsua sortzen da, energia elektrikoa % 100eko edo gehiagoko joan-etorriko eraginkortasuna duena. Gainera, ez dago orografiaren mende (ponpatze bidezko energia hidroelektrikoa ez bezala), ziklikoki egonkorra da (bateriak ez bezala), eta gauza da energia bero bihurtzeko, bai eta tenperatura baxuko bero berriztagarria energia bihurtzeko ere. Beroa zein eskariaren araberako energia modu independentean biltegiratu eta hornitzeko aukera ematen du.
CHEST aurretiaz ere bazen teknologia batean oinarritzen den arren (bero-ponpa, biltegiratze termikoa eta ORC, Rankineren Ziklo Organikoa euskaraz), baina oraindik ere aurrerapen berritzaileen beharrean da eraginkortasun eta errentagarritasun handiko CHEST sistema bermatzeko. Sistema adimentsua kontrolatzeko estrategia bat garatuko da, aurreikuspen-ereduen inplementazioa barne hartuko duena, sistemak energia modurik errentagarri, teknikoki egoki eta malguenean erabili ahal dezan. CHEST sistemak aintzat hartuko ditu elkarreraginak sare elektrikoarekin (eskaerari zen eskaintzari dagokionez), eskualdeko berokuntza sarearekin, eta beste bero-iturri batzuen integrazioa. 10 kWel-eko CHEST laborategi-sistema osoa eraiki eta baliozkotuko da ingurune adierazgarri batean. TRL (heldutasun teknologikoaren maila, ingelesez) sistemikoa 3. mailatik 5.era igoko da. Proiektuak bere gain hartuko ditu ustiapen- eta dibulgazio kontu garrantzitsu guztiak.
CHEST sistema, zein energia kudeatzeko eta biltegiratzeko etorkizun handiko sistema baita, funtsezkoa izango da energia-helburuak lortzeko eta etorkizuneko energia-sistemaren erronkei aurre egiteko. Biltegiratze-elementu handi gisa jardunarazi nahi dira eskala handiko plantak, dela bero-elektrizitate sare handietan sasoiko bateria gisa jarduteko, dela banatzaile handi edo garraio elektrikoko sistemen babes-sistema gisa.
Goienerren rola
Energia (elektrikoa) biltegiratzea erronka handia izan da –eta da– energia-sistementzat, oro har. Energia berriztagarri modernoen ezartze- eta hedatze-prozesu progresiboak erronka handiagoak dakarzkie biltegiratze-sistemei. Zer egin daiteke energia berriztagarri soberakina dagoenean, unean-unean kontsumitu ezin dena? CHESTER proiektuak bero-ponparen funtzionamendu-printzipioan oinarritutako soluzio teknologikoa garatu nahi du, baina tenperatura handietan erabilita (proiektu honen berrikuntza-eremua).
CHESTER proiektuak Ikerkuntza eta Garapen izaeratik asko badu ere, Goienerrek hainbat ikuspegi eta motibaziorekin dihardu bertan:
- Ekarpena erabileraren ezagutzaren aldetik: gizartearen onarpena energia berriztagarriekiko.
- Ekarpena, teknologia honek lekua izan dezakeen etorkizuneko aplikazio-eremuak
- Energia termiko eta elektrikoaren inguruan merkatu-, arau- eta teknologikoa-mekanismoen ulermena, baita biltegiratze-aukerena ere, mugitzen garen eremuan etorkizuneko aplikazioetan pentsatu ahal izateko.
- Ikaskuntza (lehen aldiz hartzen dugu parte halako tamainako proiektu europar batean), Europako beste entitate batzuekiko lankidetzari dagokionez, eta horrelako proiektuek eskatzen dituzten zereginei gaineko lankidetza eta ezagutza sustapena.
- Proiektuaren lider den TECNALIAK egin digun gonbidapenak hurbiltasuna eta segurtasuna ematen dizkigu, Europan hain exijentzia-maila handikoa den esparru batean lehen urratsa emateko orduan.
Proiektu honi buruz gehiago jakin edo informazioa jaso nahi baduzu, bisita ezazu proiektuaren web-orria, jarraitu Twitter edo LinkedInen, edo eman zure izena proiektuaren buletinean. Horrela, proiektu honi buruzko informazio interesgarri gehiago iritsiko zaizu (ingelesez). Edonola ere, gure ohiko buletinean proiektuaren aurrerapenei eta emaitzei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu.
Proiektu honek Europar Batasunaren Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntzako programaren finantzaketa jaso du, 764042 zk.ko finantzaketa-akordioaren pean.

