
Iraupena: 2021/01/01 – 2022/06/30
Deskribapenak eta helburuak
Energia hidroelektrikoak iturri fidagarria eta berriztagarria dela erakutsi du duela mende bat baino gehiagotik. Teknologia heldua eta oso eraginkorra da: haren errendimendu energetikoa % 90etik gorakoa da, beste iturri batzuena (eolikoa, fotovoltaikoa…) baino askoz handiagoa. Gainera, bere bizitza erabilgarria luzeagoa izaten da (>50 urte). Hala ere, energia fosilen eta nuklearraren garapen handia batetik, eta merkatuen globalizazioaren ondoriozko errota hidrauliko txikien errentagarritasun eza bestetik, kontzentratu egin da zentral hidroelektriko txikietatik abiatu zen sektore elektrikoa, eta, horren ondorioz, hiru eskualdeetako ibaietan dauden presa asko abandonatuta daude, erabilerarik gabe.
Proiektu honen xedea litzateke jarraian adieraziko ditugun hiru eskualdeetan dauden presen azterketa xehatua egitea, eta hiruetan 6 kasu egokienak identifikatzea, horiek berreskuratu edo eguneratzeko: Euskal Hirigune Elkargoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea. Inola ere ez da aurreikusten presa txiki berririk egitea, gaur egungo ekosisteman eragin negatiboa izan bailezake. Errota pilotu horiek leheneratze-proiektuak egingo diren ibaien ingurumen-egoera hobetzeko akuilu izan daitezke. Izan ere, uraren jarraitutasun ekologikoa hobetzeko aukera aztertu ahal izango da proiektu hidroelektrikoak ezarriz, espezie migratzaileei errute-eremuetara iristen lagunduko dieten arrain-eskailerak instalatzeari esker. Gainera, mekanismo berriak instalatuko dira presetan (sarrailak, adibidez), sedimentu-iragatea errazteko. Iragazkortasunaren eta elektrizitate-sorkuntzaren artean ahalik eta oreka handiena sustatzea da proiektu honen faktore garrantzitsuenetako bat.
Horrez gain, proiektuak helburu sozialak ere baditu:
- Herritarrak klima-aldaketaren aurkako borrokaz eta energiaren sektoreaz kontzientziatzen lagunduko du, eskura dituzten tokiko energia-baliabideak eta baliabide horiek berreskuratzearen bideragarritasun ekonomikoa kuantifikatzen lagunduko die, eta Energia-Komunitateen ereduak eskaini ditzakeen aukerak baliatu ahalko dituzte.
- Lurraldean dauden antzinako errota eta presen ondarea mantentzen lagunduko du, eta, aldi berean, horiei buruzko ezagutza zabalduko du herritarren artean.
Goienerren rola
Hasteko, proiektuaren baldintzetako bat azterlana inbentariatutako erroten kokapenetara mugatzea izango da, lan hori arro eta ibaien azterketarekin batera egingo da. Ur-ibilgu horietan dauden jauzi eta presa bakoitzeko datu hauek bilduko dira: guztizko emarien eta emari ekologikoen datu historikoak, egungo legediaren arabera; presa horiek izan dituzten ura erabiltzeko emakidak; emakida horien indarraldia; eta, –datuak erraz eskuratzeko modukoak badira– emakiden titularren identifikazioa, dagokien egungo egoera juridikoa eta merkataritzakoa adierazita. Guzti honekin, mapaketa bat egingo dugu.
Lehen jarduerako lanari esker lortutako agirietan oinarrituta, bigarrenean azterlan xehatuagoa merezi duten ibai eta presak hautatuko ditugu, besteak beste datu hauek lortu eta egiaztatzeko asmoz:
- Jauzi erabilgarriaren altuera
- Halakorik egotera, ubidearen, eraikinaren edo makinen egoera
- Lekuaren koordenatu geografikoak
- Egungo jabearen identifikazioa eta kokapena
- Egoera administratiboa
- Presaren ekipazioaren (edo ezaren) adierazpena: bai edo ez
- Ura erabiltzeko eskubideen indarraldia
- Presara iristeko bideen egoera
Horrez gain, proiektuan parte hartzen duten hiru eskualdeen ingurumen- eta administrazio-testuinguruari buruzko azterlan bat ere gehituko da. Horregatik, harremanetan jarriko gara tokian tokiko eragile ekologiko eta administratiboekin, ibaien biodibertsitatearen eta jarraitutasun ekologikoaren inguruan dituzten kezkak ezagutzeko.
Ibaien eta presen ezaugarri tekniko, administratibo eta ekologikoak izanik, zentral hidroelektriko txikien bidezko ekoizpenerako teknologia erabilgarrien gaur egungo egoeraren azterketa egitea da hurrengo urratsa: turbina modeloak, vortex sistema, ur-lasterreko sistemak…
Lehen zatian lortutako informazioan oinarrituta, Euroeskualde hau osatzen duten hiru eskualdeetako bakoitzean bina presa pilotu hautatzea proposatzen dugu, ezaugarri tekniko, sozial, ingurumeneko eta ekonomikoengatik egokiak direnak tokiko erakunde publikoek eta/edo energia-komunitateek erosteko, eta –egungo egoera teknikoaren arabera– energia elektriko berriztagarria ekoizteko instalazio bihurtzeko.
Hautatutako presa pilotu bakoitzak izan dezakeen bideragarritasuna erabakitzeko beharrezko aurretiazko azterlanak egingo ditugu, Europako proiektuen hurrengo deialdietara (ziurrenik POCTEFA 2022) aurkeztu ahal izateko gutxieneko oinarriak izateko. Aldi berean, energia-komunitateak antolatzeko potentziala ikertuko dugu, instalazioak eskuratu, kudeatu eta ustiatu ditzaketen erakunde gisa, bai eta haien tokiko inguruneari lotutako balioa ere.
Mapa
Euskal Herriko instalazio minihidraulikoen informazioa biltzen duen mapa. Zuk ere lagundu dezakezu mapa osatuz, erabilpenik ez duten zure inguruko ur-jauzi, errota edo zentralak gehituz: ikusi mapa.
Bideoak
Proiektu honek NAEN Euroeskualdearen «Ezagutzaren Ekonomia» programaren finantzaketa jaso du.
