
Iraupena: 2020/09/1 – 2023/08/31
Dirulaguntza-hitzarmenaren zenbaki identifikatzailea: 890437
Proiektuaren arduraduna Goienerren: Aitor Ossa Rissanen
Kontaktua: powerpoor@goiener.com
Aholkularitza eskaera
Zure etxeko egoera energetikoa aztertu eta hobetzeko premiarik bazenu, Powerpoor proiektuaren formakuntza jaso duen ahokulari baten bisita jaso zenezake. Inprimaki honen bidez egin zenezake eskaria. Ez dizu gastu ekonomikorik eragingo, informazioa erabat anonimoa izango da eta proiektua garatzen lagunduko diguzu.
Formazioa
Proiektuan parte hartu nahi duzu? Informa zaitez eta izena eman ezazu formazio ikastaroetan.
Hurrengo ikastaroa: 2023ko otsailaren 6tik 17ra, ordutegi malguarekin.
Deskribapena eta helburuak
Babesa ematea pobrezia energetikoari aurre egiteko proiektuei
Pobrezia energetikoa erronka garrantzitsua dugu gaur egun.Horren aurrean, babes-programak eta finantza-ekimen alternatiboak sortu dira, baliabide energetiko gutxiko herritarrei eragiten dizkien ondorioak arintzen laguntzeko bitarteko bideragarri gisa. POWERPOOR proiektua Europako funtsekin finantzatzen da, eta haren bidez baliabide energetikorik gabeko herritarrei laguntzeko programak garatuko dira, baita finantzaketa-aukera alternatiboak sustatu ere, esaterako kooperatibak edo finantzaketa kolektiboa. Honako hauek sustatuko ditu, hein handi batean, POWERPOOR proiektuak: esperientzia eta ezagutzen trukea, energia-eraginkortasuneko eskala txikiko esku-hartzeak, eta energia-iturri berriztagarrien bidezko sorkuntza. Laguntza-proiektu pilotuak planifikatu eta garatuko dira Europar Batasuneko (EB) zortzi herrialdetan, bidelagun-sarearen bidez, energia-baliabide urriak dituzten 22.000 familia baino gehiagori laguntzeko, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko. Emaitzek arduradun politikoen ezagutza-maila hobetuko dute, eta mundu zabalean zein EBn garatuko diren ekimenetan erabiliko dira.
Goienerren rola
Energiak herritarrena eta herritarrentzat izan beharko luke, horra Goienerren funtsezko printzipioetako bat, lanean hasi zen unetik beretik. Energia-sistema bidezko batek ezin du inor utzi duin bizitzeko oinarrizko baliabiderik gabe, esaterako, energiarik gabe. Horregatik, Goienerrek hainbat urte daramatza Goiener Soziala programa garatzen, helburua delarik holako eta halako pertsona zein kolektiboei pobrezia energetikoari aurre egin ahal izateko beharrezko tresnak prestatu eta eskuraraztea.
Ildo horretatik, POWERPOOR proiektuak egoera ahulenean dauden pertsonen ahalduntzean harago joateko aukera ematen du, baita pobrezia energetikoarekin harreman estuan bizi diren gizarteko beste sektore batzuenean ere. Goienerrek koordinatutako lankidetza-sare zabal baten bidez egingo da hori, proiektuan garatutako tresna eta ezagutzak abiaraziko dituzten programa pilotuen baitan; programa pilotu horien helburu nagusia egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzea eta horien egoera hobetzeko baliabideak eskaintzea da. Goienerrek, berriz, bere ezagutzak eta prozesu kooperatibo eta kolektiboetan duen esperientzia jarriko du, bai eta pobrezia energetikoaren arloan duen esperientzia ere.
Hala, Goiener arduratuko da gizarteko hainbat sektoretako pertsonak prestatzeaz, egoera energetiko zaurgarrian dauden pertsonei laguntza pertsonalizatua eskaini ahal izateko energia-aurrezpenari, energia-eraginkortasunari eta energia-sorkuntza berriztagarriari buruz.Gainera, pertsona horietako batzuek laguntza eskainiko dute ekimen kolektiboetan parte hartzeko aukerei buruz, baita ekimen kolektiboak eta finantzaketa alternatiboko bideak (energia-komunitateak, energia-kooperatibak, crowdfundinga, etab.) sortu eta kudeatzeko aukerei buruz ere. Horrez gain, zenbait entitatetako pertsonak pobrezia energetikoko toki-bulegoak martxan jartzeko trebatuko dira, hartara proiektuan eskuratutako tresna eta ezagutzei segida eman, eta laguntza-programak proiektuaren iraupenetik harago luzatu ahal izateko.
Horrek guztiak Goienerri eta gainerako entitateei lagunduko die pobrezia energetikoaren inguruko jakintzan sakontzen, esperientziaren eta ezagutza-trukearen bidez, bai eta ekimen kolektiboen ikuspegitik pobrezia energetikoa murrizteko tresnak hobetzen edo garatzen ere. Azkenik, toki edo eskualdeko administrazio publikoek pobrezia energetikoaren auziari heltzeko estrategiak ere garatuko dira, erakunde horiek funtsezkoak baitira energia-eredu bidezkoago eta demokratikoago batean.
Parte hartu nahi?
Ikasi eta/edo besteei lagundu nahi badiezu, prestakuntzan parte hartu zenezake eta laguntzaile edo energia-mentore bihurtu. 3 saio laburreko prestakuntzak pobrezia energetikoari eta hura arintzeko moduei buruzko diagnostiko azkar bat egiteko beharrezkoak diren ezagutzak emango dizkizu (laguntzaileak). Gainera, energia-komunitateetako elkartasun-mekanismoei, finantzaketa-eskema berritzaileei eta Pobrezia Energetikoko Bulegoei ematen zaien laguntzari buruz ikasiko dute Mentoreek.
Zure etxebizitzaren energia-egoera hobetzeko edo beste moduren batera parte hartzeko laguntza jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: powerpoor@goiener.com
Eta gogoratu zabalkundea egiten ere parte hartzen eta laguntzen ari zarela!
Dokumentuak
Bideoak
Estekak
- Pobrezia energetikoa ardatz hartuta, jardunaldi arrakastatsuak.
- «Nola heldu energiari ikuspegi sozialetik?» jardunaldiko bideoa.
- Energiari ikuspegi sozialetik eusteko jardunaldiak Hernanin.
Albisteak
Proiektu honek Europar Batasunaren Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntzako programaren finantzaketa jaso du, 890437 zk.ko finantzaketa-akordioaren pean.


Proiektuan parte hartu nahi duzu? Informa zaitez eta izena eman ezazu formazio ikastaroetan.
Hurrengo ikastaroa: 2023ko otsailaren 6tik 17ra, ordutegi malguarekin.