Iraupena: 2020/09/1 – 2024/01/31
Dirulaguntza-hitzarmenaren zenbaki identifikatzailea: 891943
Proiektuaren arduraduna Goienerren: Leire Astigarraga
Deskribapena eta helburuak
Eredu matematikoak, etxeko energia-eskaria hobeto ulertzeko eta aurreikusteko
Sistema energetikoen ereduek (ESM, ingelesezko sigletan) sistema energetikoen epe luzeko ondorioak iragartzen eta deskribatzen laguntzen diete energia-adituei. ESMek energia-hornidurari buruz emaitza baliagarriak eman badituzte ere, ez dute behar bezain emaitza onak ematen bizitegi-sektoreari dagokionez, kontsumo-eredu ugari baitaude. Gai horri heltzeko, Europako funtsekin finantzatutako WHY proiektuak eredu kausal bat jarri zuen abian, kuantitatiboki aztertzeko pertsonek energiaren kontsumoaren inguruan eta esku-hartzeen aurrean dituzten erreakzioei buruz hartzen dituzten eguneroko erabakiak. Horrek metodologia berritzaileak ekarri ditu epe labur eta luzera energia-eskaria aurreikusteari dagokionez. Metodo horiek erabilera izan dute, hasi mikro-sare batetik eta nazioarteko testuinguruetaraino. Proiektuak etxeetako energia-kontsumoa hobeto ulertzea eta ESM nagusietako energia-eskariaren modelizazioa hobetzea ekarri du. Gainera, ekonomiaren deskarbonizazioari buruzko esku-hartze politiken diseinuari oinarri zientifikoa emateko balio izan du, batez ere 4 eremu nagusitan: energia-eraginkortasuna, sorkuntza banatua, eskariaren kudeaketa eta mugikortasun-zerbitzuen elektrifikazioa.
Goienerren rola
Goienerrentzat beharrezkoa da gure bazkide kontsumitzaileen epe motzeko kontsumoa aurreikustea, eguneko merkatuan energia doiago erosi ahal izateko. Baina oso garrantzitsua da, halaber, epe ertain eta luzerako kontsumo-aurreikuspen onak kalkulatu ahal izatea. Eskaeraren aurreikuspen on batetik abiatuta, datozen hilabete edo urteetan zenbat energia erosi behar dugun jakingo dugu, eta horri esker, hornituko dugun energiaren zati baten prezioa eman ahalko dugu, “eperako merkatu” deitzen den eredu horren baitan. Horrek aukera ematen dio Goienerri eskaintzen ditugun tarifen prezioak egonkortzeko, merkatu elektrikoaren gorabeheren mendekotasunetik askeago egoteko.
Era berean, energia berriztagarrien ekoizle txikiekin epe luzean energia salerosteko kontratuak (PPA ingelesezko sigletan) egiteko aukera ematen digu. PPA horiek ekoizle txikiekin egiteak kooperatibaren helburu estrategikoetako batzuk betetzea ahalbidetzen digu, esaterako inguruan sortze-planta txiki berrien instalazioa sustatzea, edo ekoizle txiki horientzat prezio justuagoa eta merkatu elektrikoarekiko mendekotasunetik askeagoa lortzea. Beraz, kooperatibarentzat oso garrantzitsua da eskura izatea etxeko kontsumo-portaera zehaztasun handiagoz proiektatzen duten eredu matematikoak.
Goienerren beste helburu estrategiko bat herritar guztion portaera eta ohituren aldaketa sustatzea da, hartara gure energia-kontsumoa murriztu ahal izateko. Jakin nahi dugu zer esku-hartze sustatu beharko genituzkeen nahi dugun portaera-aldaketa hori eragiteko eta, batez ere, ulertzeko zergatik eragiten duen nolabaiteko esku-hartzeak aldaketa jakin bat. Esku-hartzen artean daude, esaterako: kontsumitzaileei fakturan informazio zehatzagoa edo testuingurukoa ematea; tarifen egitura aldatzea, energiaren eskaria elektrizitatearen eskuragarritasunera hobeto egokitu dakion; eta ikaskuntza kooperatiboko plataformak eskaintzea, baliabideen erabilera eraginkorra sustatzeko. Badira baita gure eskuetatik kanpo dauden esku-hartzeak ere: administrazio publikoei iradokizunak egin ahal dizkiegu neurri legalak, fiskalak edo finantzarioak (laguntzak, primak) har ditzaten. Ereduek esku-hartze bakoitzak portaera globalean zer eragin izango duen behar bezala aurreikustea lortzen badute, administrazioek neurri egokienak (betiere oinarri zientifikoarekin) hartu ahal izango dituzte gizartean energia-kontsumoa murrizteko eta, horrela, Parisko Akordioaren helburuak lortzen laguntzeko.
Eredu kausala garatzeko, dakigunarekin hasiko gara: Europako milaka eta milaka etxetako kontsumo-profilak aztertu eta sailkatuko ditugu, Goienerreko bazkideen datuak barne. Ez kezkatu, informazio pertsonal guztia edo etxe horiek identifikatzeko erabil litekeena ezabatu dugu, pribatutasunari buruzko Europako araurik zorrotzenak (DBAO) aplikatuz kudeatzen baita proiektua. Profilen sailkapen horrek esku-hartzeekin (simulatuak) esperimentatzen hasteko abiapuntu gisa balioko du.
Esperimentatzeko eta datuak biltzeko fase hori amaitu ondoren, Deustuko Unibertsitateko eta beste erakunde partaide batzuetako ikertzaileek software bat garatuko dute, zeinak bildutako datuak eredu bihurtzeko, horixe delarik proiektuaren emaitza nagusia. Programa horrek Goienerrek zenbait barne-prozesu hobetzeko aukera emango du: merkatuan elektrizitate-kopurua erosten asmatzea, eta kontsumo-portaeran aldaketa eragingo duten esku-hartzeak proposatzea. Softwarea zein proiektuaren gainerako emaitzak eskuragarri egongo dira, lizentzia libreak bitarte, europar guztiek erabili ahal ditzaten eta antzeko gizarte-onurak lortu.
Bideoak
Albisteak
Proiektu honi buruz gehiago jakin edo informazioa jaso nahi baduzu, bisita ezazu proiektuaren web-orria, jarraitu Twitter, Facebook edo LinkedInen, edo eman zure izena proiektuaren buletinean. Horrela, proiektu honi eta antzeko beste batzuei buruzko informazio interesgarri gehiago iritsiko zaizu (ingelesez). Edonola ere, gure ohiko buletinean proiektuaren aurrerapenei eta emaitzei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu.